Udazken Fest, Arabako elkartasun gaua
Udazkenean -«edo agian neguan, udan, udaberrian»- eraman zituztenak gogoan, urriaren 31ko arratsaldean hasi eta hurrengo eguna argitu arte luzatuko den musika emanaldiak, Udazken Fest barik, «azken fest» izan nahiko luke. Euskal preso guztiak aske direnean izango baita azken Udazken Fest. Baina oraindik morroilopean daude, urrun, frantziar eta espainiar espetxeetan sakabanatuta; batzuk osasun egoera larrian, guztiak egoera horretan egoteko arriskuan; egun eta urte latzak pilatuta. Eta horien sendiak ere, inongo tribunalen zigorrik jaso gabe, egun eta urte latz horiek eta urruntasun zital hori jasatera zigortuta daude. Astero beren burua arriskuan jartzera, eta hainbatetan hilgarri izan diren kilometro horiek ordaintzera. Horregatik, presoak gogoan izate hutsak presoen senideen behar materialak asetzen ez dituenez, Udazken Fest ekimena «odoluste ekonomiko» hori arintzeko ekarpena ere bada. «Elkartasun doinuz, konpromisoz, kolorez eta akordez» osatutako ekarpen ederra.
Askotarikoak izaten dira presoenganako elkartasun ekimenak: elkarretaratzeak, manifestazioak, hitzaldi eta mahai inguruak... eta une edo garai guztiak dira egokiak: jaiegun bat, astegun buruzuri bat, uda... edo udazkena. Elkartasunak ez baitu garai edo molde bakarra. Horren erakusle, laster Zurbaoko Kupulan izango den Arabako elkartasun gau koloretsu, ozen eta erraldoia.