GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Pasioa

 

Atxagak kontatu zidan bi margolari egunero joaten zirela elkarrekin margotzera, demagun paisaia eder baten aurrera, eta, derradan irudimena pittin bat estutuz, argi perfektuaren zelatan egotera. Bietako batek hitzorduari huts egin dio goiz batez, laguna bakarrik utzita. Biharamunean berriz elkartu dira, eta margolariak lagunari bere desertzioagatik galdetu dio, mindu antzera; «Ahate ehizan ibili nintzen», erantzun dio besteak. Eguneroko paisaia eta argia utzi ditu, ehiza bezalako jardun prosaiko eta azaleko baten mesedetan. «Uste nuen margolaria zinela», erantzun dio margolari engaiatuak, zorrotz. Istorioak garai bateko bokazioaren eta atxikimenduaren berri dakarkit. Margolariak obsesio bakarra zuen, ez zuen segundo erdi bat ahate pasan galduko. Hor dugu, adibidea zertxobait estututa, Che Guevararen kasua ere, gerrillari zena eta gerrillaria izan ondorengo bizitzan zereginik aurkitzen ez zuena, eta horregatik Boliviako oihanean mundu berri baten aldeko amets lanbroan hil zena, utopiaren lurrinean hordituta. Zer da ba bokazioa, zinezko pasioa eta atxikimendua ez bada? Geure gaurko mundu honi begira jartzen natzaio, honetan eta horretan jardun beharrari, orain idazle eta bihar zutabegile izateari, etzi periodista eta biharamunean gidoilari edo nik zer dakit. Geure izate mertzenario honi, alegia. Eta geure izate mertzenario hau behin eta berriz saldu beharrari, Facebooken dela edo Twitterren dela, geure banitate alferrikakoa aforismoz mozorrotuz, geure antsia etsia ustezko erudizio baten gortinaren atzean ezkutatuz. Eta halako auzo-lotsa batek harrapatzen nau, ze geure jardun (sakabanaketa) honi dei baitakioke lanbide, edo ofizio, dei baitakioke nahi duzuen bezala, baina ezingo diogu inoiz pasio deitu. Eta neu pasioak baizik ez nau betetzen.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo