GARA > Idatzia > Kultura

Zinema Ikusezinaren Nazioarteko V. Jaialdia, ikusten ez dena ikusgai jartzen duten film sozialak

Bilboko Alondegian inauguratuko da gaur film sozialen jaialdia. Urriaren 3ra arte, ikusleei hausnarketarako gonbita egingo diete, ikusgai egongo diren munduko 30 herrialdeetako istorioen bitartez.

p049_f02_148x101.jpg

Jonebati ZABALA | BILBO

Bilboko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren bosgarren edizioa abiatuko dute gaur iluntzean. Ikuspuntu sozial handia duten 66 ikus-entzunezko lan emango dituzte. 30 herrialde baino gehiagoko istorioak islatzen dira horietan. Bilboko Alondegian 19.30ean dokumental bi estreinatuko dituzte: Raquel Rei galiziarraren «Diez centímetros más cerca del cielo», eta Raul de la Fuenteren «Minerita», Cerro Rico de Potosin (Bolivia) filmatutako dokumentala, Ander Izaguirre kazetariaren artikuluetan oinarritua.

KCD Kultura Communication Desarrollo gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta, guztira, 209 film eskainiko dituzte, fikzio, dokumental zein animazio lanak. Horietako 83 azpitituluekin, entzumen urritasuna duten pertsonek ere filmez goza dezaten. Lanen %40 emakumeek egindakoak direla nabarmendu dute antolatzaileek.

Nazioarteko gatazkak

Besteak beste, Europar Batasunean urtero itsasora botatzen dituzten milioika arrain tona, emakume sufragistak Mexikon, emakume ur biltzaileak Indian, Myanmarreko ume errefuxiatuen ametsak, indigena eta kolonoen arteko harremanak Peruko Amazonian, errefuxiatu palestinar eta sahararren egoera, ekintzaile afrikarren borroka ablazioaren aurka, etorkinek hemen jasandakoaren testigantzak... Guztiak, «giza balio handiko» ikus-entzunezkoak, Juan Carlos Vazquez KCDko zuzendariaren esanetan, «hausnarketara gonbita egiten die ikusleei eta sentsazionalismorik gabe».

Hainbat arlotako sariak banatuko dituzte jaialdian: Garapen iraunkorraren saria, giza eskubideena, emakume batek burututako lanik onena, genero berdintasuna, kulturartekotasuna, ikasleen saria, ikus-entzuleena, eta euskaraz egindako lan sozial onena. Aurtengo berrikuntzen artean, Invisible Express lehiaketa eta Invisible Express ikus-entzuleen sariak egongo dira; EHUko ikasleek sortutako film laburrak izango dira lehian. Irabazleen film laburrak bukaera ekitaldian emitituko dituzte.

Hamalau egoitza izango ditu aurten jaialdiak: Bilbo, Barakaldo, Erandio, Portugalete, Mungia, Iurreta eta Elorrion. Horietako sei, Lanbide Heziketa (LH) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH) zentroetan. Emanaldi gehienak Alondegiko Golem zinema aretoetan izango dira.

Bihar, jaialdiaren «bigarren estreinaldia» izango da; izan ere, Mungiako Olalde aretoan, lehen aldiz hainbat emanaldi eskainiko ditu. Alex Sardui musikariak, jaialdiko gaiei buruzko kanta batzuk abestuko ditu.

FOROAK

Besteak beste, Libano, Palestina, Nikaragua, Suedia eta El Salvadorretik etorritako 17 zuzendarik euren lanak aurkeztuko dituzte proiekzioa baino lehen. Informazio gehiago «www.kcd-ongd.org» webgunean.

Fitxa

Lekua: Bilboko Alondegian, Mungiako Olalde aretoan, Elorrioko Arriola antzokian, eta Lanbide Heziketako eta DBHko hainbat zentrotan.

Data: Irailaren 26tik urriaren 3ra arte.

Sarreren prezioa:

Golem Alhondiga zinemetan 3 euro; gainerako aretoetan doan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo