BALENCIAGA MUSEOAren bideragarritasuna ZALANTZAN
Balenciaga museoak aurrera egiteko ordutegiak egokitzea bultzatuko dute
Getariako Balenciaga museoak une larriak bizi ditu. Ireki eta bi urtera, mantentze lanen gastu handiari nola aurre egin ari dira aztertzen. Lan taldean ere gorabehera garrantzitsuak dituzte, Javier Gonzalez de Durana zuzendariaren kontratua bukatzear dago eta uda aurretik museoko bilduma zuzendaria zen Miren Arzalluzek alde egin zuen. Gaur goizean bilera erabakigarria izango dute Fundazioko kideek. Diputazioak ordutegien egokitzapena defendatuko du.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Duela bi urte ekainaren 7an inauguratu zenetik, Cristobal Balenciaga museoko hasierako egitasmoak erabat baldintzatu dituzte aurrekontuaren murrizketek. 2013an, Gipuzkoako Diputazioak %15 jaitsi du diru laguntza eta Lakuako eta Madrilgo gobernuek, %40-45 artean. Kontuak horrela, Diputazioak 300.000 euro bideratu ditu museora, Lakuak 350.000 eta Madrilek 342.000. Ekarpen pribatu garrantzitsuak ere galdu ditu Getariako museoak. Kutxak ematen zuena, adibidez, desagertu egin da. «Babesletza pribatua lortzeko saiakeran buru-belarri aritu dira aurten, baina egia esan, oso zaila dago. Badakigu egoera zein den eta zaildu egin da», azaldu zion GARAri Ikerne Badiolak, Gipuzkoako Kultura eta Kiroleko diputatuak.
Etorkizunari begira kontuak zehazteko, gaur goizeko hamaikak aldera egingo dute bilera Fundazioko kideek, datorren aurrekontua zehaztu asmoz. «Egia da ekarpen publiko zein pribatuek behera egin dutela eta azterketa hortik bideratu dugu. Gastuak optimizatze aldera mantentze lanen gastuak jaitsi egin ditugu, optimizatu egin ditugu, eta erabakiko dena izango da datozen urteetako bideragarritasuna», esan zuen Badiolak. «Balenciaga museoak daukana da mantentze lanetan gastu oso altua. Kontratuak berrikusi egin ditugu, bateratu, eta egia da lortu dugula aurrezpen bat», zehaztu zuen.
Gastu horiek murrizte aldera, museoa denboraldi batzuetan ixtearen aukera aipatu izan dute zenbait komunikabidek. Diputazioak, ordea, baztertu egiten du aukera hori. «Gure planteamendua ez doa hortik. Hasiera batean bai, planteamendu ezberdinak egon ziren mahai gainean, baina azterketa aurrera doan heinean, gure aukera ordutegien egokitzapena litzateke». «Azkenean, Euskal Herrian negu luzeak ditugu, egunak motzak dira negu partean, eta pixka bat ikusita bi urte hauetan bisitariak gutxi gorabehera zein ordutegitan diren gehiago, hor aurkitzen ditugu zenbait ordu oso bisitari gutxi edo bakar bat ere ez dagoena. Hortik joango da planteamendua».
Bisitarien erantzuna momentuz ona ari da izaten, eta lehenengo urtekoa baino txikiagoa izan bada ere, mantentzen da. Iaz ia 70.000 lagun pasa ziren bertatik eta 38.500 bisita inguru jaso ditu urtarriletik hona. «Bi urte hauetako eskarmentua daukagu eta garai ezberdinetan, bisitarien kopurua ikusita, joango gara ordutegien egokitzapen batera».
Zuzendari berri baten faltan
Javier Gonzalez de Durana bilbotarra museoa ireki eta handik gutxira izendatu zuten zuzendari nagusi. 2011ko abuztuaren 1ean hasi zen Balenciaga museoan lanean. Bi urteko kontratua izaki, aurtengo uztailaren 31n bukatu zitzaion, baina beste sei hilabete luzatzea eskaini eta onartu egin zuenez, urtarrila bitartean jardungo du bertan.
Askok Miren Arzalluz museoko bildumen arduraduna jotzen zuten ordezko «natural» gisa, baina berak eta lan taldeko beste kide batek uda aurretik alde egin zuten museotik, momentuz behintzat publiko egin ez diren arrazoiengatik. Lan taldean zazpi izatetik bost izatera pasatu ziren, beraz. Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza eta Kultura sailburuak elkarrizketa batean adierazi zuenez, «saiatu da berarekin hitz egiten, baina kontua aspalditik dator, eraikinaren eta Fundazioaren arteko harremanak aurkitzen diren baldintza txarrek eraginda».
Badiolak baztertu egin zituen hitz hauek, «harreman txarrik ez dago. Museoa eta Fundazioa gauza berdina gara», argitu zuen. Gonzalez de Durana lehiaketa publiko bitartez aukeratu zuten, eta oraindik zehaztuta ez dagoen arren, bere ordezkoa ere modu berdinean aukeratuko dutela uste du Badiolak.
Hasierako aurkezpen hartan, museoan goi mailako jantzigintza eskola bat sortzeko egitasmoa aurreratu zuten, 2012ko irailerako martxan jartzea espero zena. Momentuz geldirik dago proiektua, baina «ez dugu baztertzen ideia hori», esan zuen Badiolak. «Pasa den urtean, arlo pedagogikoaren arduraduna sartu zen Fundazioan lanean, eta noski, agian ez dira momenturik onenak eskolaz edo moda eskolaz hitz egiteko, baina arlo pedagogikoari izugarrizko garrantzia ematen diogu».
«Euskal Herrian negu luzeak ditugu, egunak motzak dira negu partean eta pixka bat ikusita bi urte hauetan bisitariak gutxi gorabehera zein ordutegitan diren gehiago, hor aurkitzen ditugu zenbait ordu oso bisitari gutxi edo bakar bat ere ez dagoena. Hortik joango da planteamendua», azaldu zuen Ikerne Badiolak.
Gonzalez de Duranari uztail bukaeran bukatu zitzaion kontratua eta sei hilabeteko luzapena onartu zuen. Miren Arzalluz bilduma arduradunak uda aurretik alde egin zuen. Zuzendari berria aukeratzeko, ez dute zehaztu nola egingo duten, baina ziurrenik lehiaketa publiko bidez izango da.