GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zirkuitu dinamikoa, erronka... eta euskara ahora, urriaren 6an, Tolosan

Gazteei zuzendutako abenturazko lehiaketa izanen da aurtengo Kilometroak-eko berrikuntza nagusia. Honek protagonista eginen ditu Gipuzkoako 21 ikastolatako neska-mutilak. Nobedade gehiago ere badira: inauterien gisan, eskaintza ibiltaria, mokadu goxoak...

p013_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Urte osoko lanaren eta ibilbidearen ondotik, badator «Ahora!» besta, Kilometroak 2013 ez ezik, Tolosaren ospakizuna, bertako eragileekin elkarlanean osatua. Urriaren 6an, leloari jarraituz, euskararen erabilera aldarrikatuko dute esparru guztietan, «euskaraz bizitzeko hautua», Jone Urteaga Laskorain ikastolako zuzendariak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez.

Tolosaldeko ikastolarik handieneko ordezkariarekin batera, Arantza Manterola (Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria), Eñaut Telleria (Kilometroetako koordinatzaile orokorra) eta Unai Igartua (kmk13-ko koordinatzailea) elkartu ziren Ikastolen Etxean, Donostian, jaiari buruzko informazio guztia emateko: helburuak, egitaraua, erronka, zerbitzuak, aholkuak...

1.550 ikasle dabiltza Laskorain herri onurako kooperatiban, 0 eta 18 urte arteko neska-mutilak, bi kokagune eta eraikuntzatan banatuta, Usabal ikastolan eta ikastola berrian. Batxilergoa eskaintzen dutenez, Anoeta, Villabona eta Ibarrako gazteak ere hartzen dituzte. Zuzendariak kontatu zuenez, matrikulazio kopuruak goiti egin du eta ikasle gehiago jasotzeko eraikuntza berria egin dute, Sakramentinoen eremuan, hamar gelarekin. «Inbertsioaren finantziaziorako ezinbestekoa dugu Kilometroak jaiaren etekin ekonomikoaren laguntza», azaldu zuen Urteagak. Bailaran erreferente dira eta horri eustea ere helburu dute besta honen bultzadarekin.

Egitarauaren gainean, zirkuituaren garrantzia berreskuratu nahi dutela agertu zuen Unai Igartuak. 7 kilometroko itzuli dinamiko eta bizia osatu dute, ezustez betea, eskaintza ibiltariarekin. Hamabost talde izanen dira alaigarri: txarangak, Pirritx eta Porrotx karrozan, Txirri, Mirri eta Txiribiton, dantzariak, txistulariak... 26 musika talde, 11 ikuskizun eta kirola ere izanen dira bost gune handi eta sei txikitan. Taldeen bi herenak eskualdekoak dira.

Ezohiko probak

Igartuak nabarmendu zuenez, erronkan Gipuzkoako 21 ikastolak parte hartuko dute. Talde bakoitzean DBH3 eta 4ko hamar neska-mutil, bi kapitain famatu (Edurne Pasaban, Oihan Vega, Nerea Alias, Maider Gaztañaga, Abraham Olano...) eta jarraitzaileak egonen dira. Egun osoz ezohiko probetan arituko dira: bola erraldoi batean sartuta oztopoak igaroko dituzte, oskol apustu bertikala eginen dute... Final handia Oria ibaian jokatuko dute, baltsan. Euren nahia ondorengo edizioetan erronkarekin jarraitzea da. Oriok jada hartu du lekukoa 2014rako.

Eñaut Telleriak trena eta autobusa erabiltzeko eskatu zuen (tren geltokia zabalik egonen da, geralekua itxita), baita zaborra sailkatzeko ere. Drogen kontsumo arduratsua lortzeko lanketa egin dute urtean eta egunean ere eginen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo