GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jose Mari Pagoaga «Peixoto»

Batera egin beharrean gaude

Arekan edo arroilan dugun gurdia ezingo dugu bidera atera, euskaldun baizik sentitzen ez garen guztiok batera eta zentzu berdinean bultzatzen ez badugu. Nola gaindituko dugu datorkigun arazo itzela, batera eta tinko egin ezik?

Bateratasuna ez da berez sortzen den zerbait, lan zintzo eta luzearen emaitza izaten da.

Azken hamarkada hauetan, EAJ eta ezker abertzalearen artean sortu dugun leize sakonak zubi lan bat eskatzen du, gure arteko konfiantza lortzen lagundu behar lukeena.

Aipatzen dudan zubia edo dena delakoa ezin da eraiki alde bien (EAJ eta ezker abertzalea) borondate sendorik gabe. Ekimen honek eskatzen dituen pauso eta xehetasunak adostu eta abian jartzea ardura politikoa dutenen lana da. Herenegun ere berandu zela jakinik, ez dago denbora galtzerik. 2013ko ekainean Gasteizko Legebiltzarrean EAJ eta Bildu ados jarri zirela-eta, PSOEko Pastor jaunari hau entzun nion ETBren bitartez: «ahora nos viene Egibar con el recuerdo maloliente de Lizarra-Garazi». Etxeko lasaitasunetik erraza baita erantzutea, hauxe diotsut: «no lo sentimos, señor Pastor, puesto que se trata de nuestro olor natural. Es posible que sea el que proviene de Madrid». Azkenean, egia izango da hein handi batean etsaiak erakusten digula bidea. «Etsaia»¸ beldur naiz ez ote dudan hitz bortitzegia erabili. Arerio izan behar genuke, hau litzateke denontzat komenigarria, baina PSOEk ez ditu bere historiako ikur ederrenak arras ehortzi.

Zubitik, uretik, etzi baino bihar egitea komenigarriago, hobe elkar ulertu eta errespetatuz. Batera egin beharrean gaude.

Euskaldunon artean oinarrizko adostasun bat landu eta sendoki eskuratu gabe, nola alboratu darabilkigun lehia antzua? Dugun herri izaera ukatzeko erabiltzen dizkiguten indarkeria modu guziak nola ezeztatu? Nola ezeztatu?...

Batera eginda ere zaila izango dugula asmatzeko ez da aztia izan behar. Beraz, abertzale guztion egitekoa da, ardura politikoa dutenena bereziki, berauen egitekoa baita herri bezala dagokigun lehentasuna garbi esan eta gauzatzeko bidean jartzea.

Heldu gogor, aida! Iiieup!

Iparraldeko Batera egitearen egite moduak laguntza eta babes eder eta itzela eman dio Aurore Martin abertzale xuberotarrari, berau frantses Gobernuak zuzen kontra zigortzera erabaki zuenean.

Beste adibide bat jartzeko, Ipar Euskal Herrian alderdi politiko guztiak (Le Pen-en eskuin muturra izan ezik) eta modu guztietako antolakundeak euskal lurralde baten alde batera egitea ez da berez sortu den zerbait. Lan isil, zintzo eta luze baten lorpena izan da. Ekimen honen eragileekin egoteko ez dago hegazkina hartu beharrik, bertan ditugu eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo