Iragarritako udazken beroa hasi baino ez da egin
Iragarritako moduan hasi da udazkena, bero, eta ez iragarri gabeko eguraldiari dagokionez bakarrik. Grebak nonahi, lanpostuaren defentsan, gutxieneko baldintza duinak eskatzeko. Betiere langileen eskubideak aldarri. Madrilek patronalaren esanetara egindako erreformak urratu eta are ezabatuz doazen eskubideak errespetatzea ez baita apeta, ezta pribilegioa ere, urte luzeetako borroka latzaren lorpena baizik. Ezagunak dira lan erreformen ondorioak, edozein langilek bere larruan modu batean edo bestean, maiz modu latzean, jasaten dituenak. Eta lan baldintzak kaskartzeaz harago, langileen babes eta defentsarako tresnak ere arriskuan dira. Izan ere, ultraktibitatea bertan behera uztearen ondorioz, langileen negoziazio ahalmena hutsaren parekoa da. Hori dela-eta, atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxe pribatuetako langile gehienek greba egin zuten, murrizketak salatu eta lan hitzarmen berria negoziatzea helburu.
Lan erreformak, murrizketak oro har, Madriletik datoz, baina herrialdeotako administrazio gehienek neurri horiekin bat ez datozela esaten badute ere, haien adostasunik eza hitz hutsetan gelditzen da. Bizkaibuseko langileen greba administrazio horien arduragabekeriaren erakusgarri da, murrizketa politika hainbat familiaren eskubideen eta duintasunaren gainetik ezartzen baitute. Udazkena hasi baino ez da egin.