GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolari

Nagusi maitea

Bertsoa plazer bide da, behar luke behintzat, gehienbat bere maitale izan nahi duenarentzat. Dugunontzat. Berarekin ezkonduta bizitzearena alde batera utzita, erran genezake, plazer horren puntu gorena gertatzen hastear dela

Ladies and gentlemens, wellcome to play! Sintonia berriak prezisamente hori iradokitzen ez badu ere, ongi etorri Beretsuen jokora, lehiara. Norgehiagokara, ahalik eta zehatzen erratearren. Beretsugileen artean gehiago nor den dago ikuskizun. Jolasa utzi eta jokora.

Maite dut txapelketa, maite dut bertsolariak elkar hartuz broma jartzen hasten direnekoa. Hitzak ezpata, gehiago zein den ironiaz eta ahal dela fikzioan oinarrituz konbatean hasten direneko horrek gozatzen nau gehien, zezenak toreroa adarkatzen duenean adina bederen. Arraroa da, edo niri hala egiten zait, hain justu modu horretan bertsotan egiteari lehiaketa ofizial bat ez eskaini izana. Suposatzen dut, suposatzearren baino ez, nola neurtu izango dela arazoa libreko txapelketa bat imajinatzerako orduan, ez baikara gai zenbakirik gabeko neurriak amestu ere egiteko. Baina tira, nahiago arren izango balira, badirenak, izan badira.

Badira gaztetxoentzakoak, gazteenak ere bai, badira glamurosoagoak eta piesnegrosentzakoagoak, badira eskolartekoak (ezagutzen dut eskolatik kanporatua izan ondoren txapelketa hauetako bat irabazi duenik), badira herrialdekakoak, noski, eta hemen ez dut parentesi artean deus ere idatziko.

Guztiak maite ditut, aunitz, bertsoarekin lotura duen ia dena bezalatsu. Nahi izatea beste kontua da. Maitasuna eta nahitasuna hitzez bereizten bertsoek erakutsi zidatelako agian, txapelketek bertsolari sentitzera eraman nindutelako igual, edo besterik gabe osaba Belia-ri mesanotxetik hartutako casette gorri hark deskubritu zidan mundua berau delako, auskalo, maite ditut; eta nahi ere bai.

Baina maitasun bestelakoa da Txapelketa Nagusiarenganakoa. Platonikoa. Trukean obligaziorik eskatuko ez duena, bueno, sarrerak ordaintzearena salbu. Eta ez erretzearena entzuten den bitartean. Ttikikeriak, finean.

Dagokion txapelarekikoa ez dut ezagutzen, maitasunaz ari naiz, baina berarekin lo egindakoak direnei ez diet inoiz errezelarik igarri. Izanen da bai, aski maitagarri, maitea galtzea heriotza ez den beste edozerekin lotu dezakeenarentzat. Nahitasunaren kontuak.

Bertsoa plazer bide da, behar luke behintzat, gehienbat bere maitale izan nahi duenarentzat. Dugunontzat. Berekin ezkonduta bizitzearena alde batera utziz, erran genezake, plazer horren puntu gorena gertatzen hastear dela. Jaiegunez, nola ez, gauza inportante guztiek igandez behar baitute, baita lizunenek ere. Hau bai dela Bertan Paris! Hau desira gugan pizten duzuna, Emanuelle! Pena, eta bertsolari zenbaiten ahotik ari naizelakoan nago, pena azken aldietan bere fereka eta laztanez ezin apenas gozatu izana, ezta film pornografikoaz intimitate anonimoan gozatzen duen ikuslearen moduan ere.

Eta pornografiaz mintzo, txapelketa betaurreko moreak jantzita entzuteko gonbita. Betaurrekoak entzuteko. Ikusteko, sonotonea. Begiz ikusten denaren araberakoa izaten baita gehiegitan entzuten dena; entzun nahi izan dena entzuten bukatzeraino. Gehiegitan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo