GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

61 DONOSTIA ZINEMALDIA

Zinema ekoizleek «borondate politikoa» eskatu dute zinemaren finantziaziorako

GARA | DONOSTIA

FAPAE estatu espainoleko ikus-entzunezko ekoizleen elkarteko presidente Joxe Portelak zinema bultzatzeko finantzabide berri bat onartzeko «borondate politikoa» duen edo ez argi esan dezala eskatu zion atzo Gobernu espainolari. Izan ere, aurten fakturazioan bildutako diru kopuruak %15 egin du behera eta enpleguak, berriz, %12a.

Adierazpen horiek egin zituen estatuko ekoizleak ordezkatzen dituen FAPAE elkarteak eta Radiotelevisión Españolak urtero Zinemaldian egiten dute prentsaurrekoan.

«Lana eginda dago», esan zuen Portelak, finantziazio eta fiskalitate esparru berriko neurriak batzordeetan landu dituztelako, eta abian jartzeko, «Gobernuak borondate politikoa dagoen edo ez adieraztea bakarrik falta da», gehitu zuen.

Ikus-entzunezkoen arloko eragile eta ekoizleek onartu duten esparru hori lantzeko eta adosteko esfortzu handia egin dutela ere esan zuen FAPAEko presidenteak, eta aldaketok ez egiteak zer ondorio ekarriko lukeen ez duela «imajinatu ere egin nahi».

Gaineratu zuenez, ez dute uste aurten kulturako BEZa jaitsiko denik, baina 2014ko apirilean egingo diren aldaketa fiskalen artean hori sartzea espero dute: «Ez dakigu %19,5era edo Frantziako %5era jaitsiko den».

Estatu espainoleko Zinema Elkarteko (AEC) lehendakari Jose Antonio Felezek esan zuenez, %15,1eko beherakada espero dute fakturazioan eta %12koa enpleguan. Estatu espainoleko estatistika institutuak %20,8ko beherakada aurreikusi du.

Aurten 92 filmazio hasi dira Estatu espainolean, iaz baino %28,7 gutxiago eta 61 film estreinatu dira, 2012an baino %24 gutxiago. Ekoizpen hauen erdiek milioi bat eurotik beherako aurrekontua zuten: %30,5ak milioi bat eta biren artekoa; %16,3ak bi milioikoa; 15 filmek bi milioi baino gehiagokoa; eta zortzi lanek lau milioikoa.

Estatuko filmek bildutako diru kopuruari dagokionez, aurten 7 milioi euro gutxiago izan da, %18ko murrizketa. Ikusle kopuruak ere behera egin du, %5,9. Jasotako datu positibo bakarra nazioarteko salmentaren ingurukoak izan dira: iaz %13,2a igo baitziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo