KRONIKA | TXAPELKETA NAGUSIA
«Jantzi kaskoa eta lotu gerrikua»
Hastera baidijua euskal herrikua». Villabonako bertso eskolako hiru mutikok bertsotan eman zuten abixua atzo beren herrian izandako aurkezpenean. Eta baimena ere eman zieten bertsolariei. Has dadila ba, behingoz.
Amagoia MUJIKA
Villabona-Amasan izango da lehen saioa igandean. Eta herri horretan bertan izan zen atzo iluntzean «aurkezpen soziala» deitu zutena. Ba, horixe, bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak eta beste elkartu, pixka bat hizketan egin, argazki ofiziala atera eta «laster arte» esan. Izan ere, atzo Villabonan elkartutako gehienek dezente ikusiko dute elkar datozen asteetan. Batzuk oholtza gainean, beste batzuk kazetarien mahaiaren bueltan, aulkiak jartzen eta kentzen beste batzuk... Txapelketa Nagusia ekitaldi handia da, saioz saio jende asko biltzen duena, finalean 14.000 lagun izateraino.
Aurkezpen xumea izan zen XVI. Bertsolari Txapelketa Nagusiarena. Villabonako Bertsozale Elkartearen egoitzan, elkartearen bihotzean, esku artean dituen hainbeste proiekturen taupada sentitzen zela. Eta sentitzen zen, era berean, txapelketa guztien bueltan sentitzen den talde arima, elkarrekin zerbait handia egitera doazenen pultsua.
Borondatezko lana
Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko presidenteak, esandako hitzek ondo laburbiltzen dute txapelketaren mamia. «Txapelketa nagusia da ekintza arranditsuena, osperik edo itzalik gehiena hartzen duena hedabideetan, baina horrez gain lan asko egiten da herri honetan bertsolaritzaren alde eta bertsolaritzarekin zerikusia duena. Jende askok parte hartzen du, eragile askok, ez dena Bertsozale Elkarteak. Zorionez, borondatezko lan asko egiten da oraindik herri honetan eta bertsolaritzak hortik asko jaten du. Eskerrik asko, Txapelketa Nagusiak zuen guztion lanaren zurrunbiloa, indarra eta arnasa hartzen du».
Bere soilean, biluzian, bertsoaren indarraz ere jardun zuen, horretan jarri nahi baitute indarra hastera doan txapelketan, «girlanda eta lorerik gabe». Apaingarriak jarri edo ez, txapelketaren muina beti da bertsoa, denaren gainetik gailentzen dena, isiltasuna hausteko baimena duena.
Tira, egia osoa esanda, lehen isilunea txapelketako sintoniak hautsi ohi du. Aurtengoa Igelaren Bandak josi du eta atzo zuzenean eskaini zuten Hasier Oleagak (bateria), Bixente Martinezek (gitarra) eta Amaiur Cajaravillek (baxua). Plazer hutsa izan zen nolako indarrarekin aurkeztu zuten ikustea. Villabonako aurkezpenera bildutako 43 bertsolari parte-hartzaileek atzo lasai entzun zuten sintonia. Saioetan, ordea, desberdin entzungo dute; beren lana hastera doala abixu emango duen seinalea izango baita, gorputza eta burua lanerako prest jartzeko aginduko diena.
Atzo bertsotan egin zutenek dezente dakite txapelketez, nahiz eta aurtengoa lasai ederrean gozatuko duten entzuleen paretik. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso aritu ziren, txapelketa jolasa norentzat eta jokoa norentzat ote den. «Estutu ohi da arnasa eta larritu ohi da kolkoa/ poz eta penak oso gertuan izaten dute malkoa/ hastear dago izan dedila gehiengoan gogokoa/ entzulegoen jolasa eta bertsolarien jokoa», bota zuen Lizasok. Eta Egañak, honela bukatu zuen bere erantzuna; «... ai txapelketa izango balitz nahiz eta ez den erreza/ bertsozaleen jokoa baina bertsolarien jolasa». Jokoa eta jolasa. Sufritu eta gozatu. Nolakoa da txapelketaren bidea bertsolariarentzat? Gozotik dezente izan behar du, bestela ez ziren bide horretan abiatuko ezta?