GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

61 DONOSTIA ZINEMALDIA

Hugh Jackmanek eztarriak urratzeko moduko uluak eragingo ditu

Alex de la Iglesiak Donostia sorgindu zuenean zoramena zabaldu zen hirian. Zinemaldia lasaia izan da ordutik, baina gaur berriro piztuko da Hugh Jackman aktore australiarrari esker, berak jasoko baitu aurtengo bigarren Donostia Saria. Bestalde, kirolzaleek «Big friday» emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute.

p037_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Las brujas de Zugarramurdi» filmaren protagonistak izan dira Donostiako orain arteko giroa aztoratu dutenak. Lasaitasun egun batzuk izan ditugu ordutik, baina gaur berriro dator zoramena, Hugh Jackman aktore australiarra edizio honetako bigarren Donostia saria jasotzera baitator. X-Men sagako Wolverine pertsonaiaren azalean jartzeagatik egin zen ospetsu, baina gaur ez da bera izango ulu egingo duena... Atzo gauean iristekoa zen Donostiara, beranduegi askorentzat. Hala ere, jarraitzaileak iluntzetik izan zituen zain. Bere Twitter kontuari esker jakin dugunez, Parisetik etorri zen zuzenean, «Prisoners» filmaren promozioa egiten ari zelako bertan, eta Donostiara ere lan hori ekarriko du, lehiaketatik kanpo. Denis Villeneuve zuzendariak astebete darama hemen, «Enemy» bere beste filma Sail Ofizialean delako. Jackmanek, ordea, bisita laburra egingo digu. Ez dakigu pintxo bakar bat dastatzeko aukerarik izango duen, gaur goizean agenda nahiko betea baitauka. Arratsaldean ere ez du asti gehiegirik izango, berari eskainitako gala 18.30ean izango delako, ohikoa dena baino dexente goizago. Hala ere, ziur gara publikoarekin jator arituko dela eta gure hiriaren berotasunaren berri emango duela mundu zabalean Twitter bidez.

Alfonbra gorritik paseatzen ikusiko ez duguna Helena Bonham Carter aktorea izango da. Zinemaldiko arduradunek jakitera eman zutenez, gonbidatu egin zuten klausura gala ikusiko dugun «The young and prodigious T.S. Pivet» filmean agertzen delako. Hala ere, ezezkoa eman zuen agenda arazoengatik.

Bestalde, David Lama alpinista austriarra gustura ibili da gehien gustatzen zaiona egiten, alegia, eskalatzen. Baina Donostian ez dago pareta bertikalik eta denak aho bete hortz utzi zituen Kursaal jauregiko paretatik zintzilik gelditu zenean. Kirola gustuko dutenen eguna ere izango da gaurkoa Savage Cinema sailaren barnean «Big friday» mendi-festa ospatuko baitute Belodromoan. Bertan, David Lama bera izango da «Cerro Torre: a snowball's chance in hell» dokumentala aurkezten. Austriarrak Patagoniako mendia igo zuen 2012an eta filmak bere abenturaren testigantzak biltzen ditu. Honekin batera, «Into the mind» freeskiaren inguruko pelikula proiektatuko dute adrenalinaz jositako gauari amaiera emateko.

Sail Ofizialetik aparte, sariak

Amaiera gerturatzen ari da eta jada hasi gara ikusten ekitaldi nagusiaz at banatzen diren sariak norentzat diren. Adibidez, Zinema Eraikitzen industriaren saria Juan Martin Hsu argentinarraren «La salada» lanari eman diote. Argentinako immigrante berrien esperientziak biltzen dituen istorio bat da. Bakardadearen kontra borrokatzen diren arraza desberdinetako pertsonaiak ageri dira: hitzartutako ezkontza baterako prestatzen ari diren aita eta alaba korearrak; lan bila Boliviatik iritsi berri den gaztea; eta neska lagun bila dabilen Taiwango DVD saltzailea. Europa-Latinoamerika koprodukzio foroak ere aurtengo proiekturik onena hautatu du. Pavel Girouden «El acompañante» da irabazlea, baina epaimahaiak aipamen berezia egin dio Cesar Augusto Acevedoren «La tierra y la sombra» filmari. Horrez gain, beste sei proiektu aukeratu dituzte Buenos Aireseko Ventana Sur zein Cannesko jaialdietan parte hartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo