GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

61 DONOSTIA ZINEMALDIA

«Mother of George», Nigeriako usadioen eta New Yorkeko bizitza modernoaren arteko talka

N.B. | DONOSTIA

Ayodele eta Adenike ezkontzen direnean euren senide nigeriarrek argi uzten diete seme-alabak izateak bermatuko duela euren zoriontasuna. Lehenengo semeari George izena jarriko diotela erabakitzen dute, baina hemezortzi hilabete igaro eta gero, Adenike haurdun gelditzen ez dela ikusita, arazoak sortzen dira familian. Andrew Dosunmuk zuzenduriko «Mother of George» filmeko bikoteak ez du haurrik behar, biak bakarrik pozik daude, izugarri maite dute elkar, baina Ayodeleren amak biloba bat nahi du gutxienez, eta honek egiten presioak eragina du bere semearengan. Adenikerentzat bere senarrarekin zoriontsu izaten jarraitzea da lehentasuna, eta horretarako haurdun gelditu behar bada nola edo hala izango da. Erabaki zail bat hartu beharko du, horrek bere familia salbatu edo suntsitu egingo duen jakin gabe.

New Yorken bizi den Nigeriako komunitatearen erretratu gisara hasten den istorio xume eta alai honek segituan beste bide batetik jotzen du. Nigeriatik ekarritako usadio eta ohitura zaharrek Ameriketako Estatu Batuetako bizitza modernoarekin talka egiten dute.

Andrew Dosunmu da zuzendaria, eta honakoa bigarren filma du. Aurretik «Restless city» film dramatikoa egin zuen 2011. urtean, Sundanceko jaialdian sari bat irabazi zuena. «Mother of George» pelikulak ere Sundancen zorte ona izan zuen, eta publikoaren babesa izateaz gain, epaimahaia ere alde izan zuen.

«Mother of George» Zuzendari Berriak sailean ikus dezakegu Donostian. Gaur Kursaalen izango da ikusgai 16.00etan, eta Antiguo Berrin, 18.30ean. Azken emanaldia bihar izango da, 16.00etan, Antiguo Berrin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo