GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HOMENAJES A LA MEMORIA EN LIZARRA Y EN ZARAUTZ

Justiziaren bidean, memoria gudarien ekarpenentzat

Errespetua, errekonozimendua eta biktima guztiek merezi duten justizia izan ziren hizpide Zarautzen «Egia bide, askatasuna amets» izenpean gauzatu zuten ekitaldian. Euskal Herriko gatazkan hildako gudarien senideek omenaldi beroa jaso zuten. Mahai gainean jarri zen irtenbidearen bidean «soilik begirale lana egitea ez dela zilegi».

p007_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Euskal Herriko azken berrogeita hamar urteak bertaratutakoen begien aurretik igaro ziren azkar batean. Bata bestearen atzetik, zuri-beltzetik koloretara, Francoren jazarpenetik gaur egun oraindik argitzeke dagoen Jon Anzaren desagerpenera arte. Zarautzeko Aritzbatalde pilotalekuan eszenaratu zen atzo azken bost hamarkada hauetan hil diren gudarien senideen omenezko ekitaldia, Egiari Zor, Ahaztuak eta Goldatu elkarte memorialistek deituta.

Une asko etorri ziren jendearen oroimenera: Baionako Monbar tabernan 1985ean GALek egin zuen atentatua -Jose Mari Etxaniz, Iñaki Astesuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaide hil ziren bertan-, txalo zaparrada handia ekarri zuen Esteban Esteban Nieto presoaren irudiak -larri gaixo zegoela, 1999. urtean etxera hiltzera eraman zutena, 44 urte besterik ez zituela-, Lizarrako Hitzarmena, alderdi politikoen ilegalizazioak, Aieteko Konferentzia edota Donostia, Ondarroa eta Iruñerriko herri harresiak, besteak beste. Urtza Alkortaren gertuko irudi batek jendearen txaloak piztu zituen bigarren aldiz.

Zentzuekin gozatzeko ekitaldia izan zen: irudiak, musika, dantza eta bertsoak. Denak mintzatu ziren memoriaz, baita hildakoen senideak ere; izan ere, nahiz eta ez zuten hitzik hartu, agertokian euren presentzia soilak gogorarazi zuen nolabait gertatutakoa eta jasandakoa. Haritz adaxka bana eman zieten eta aurreskua dantzatu, errekonozimendu gisa.

Begirale soilak ez du balio

Ekitaldia ixteko ezker abertzaleak hartu zuen hitza. Errespetua helburu duela adierazi zuen, eta elkarbizitza eraiki nahi bada «beharrezkoa dela biktima guztiei zor zaien aitortza, justizia eta erreparazioa ematea». Hori guztia «benetakoa» izateko bazterketarik gabe egin behar dela berretsi zuen.

Ezker abertzaleak egin duen estrategia aldaketak «askapen prozesua» aurrera eramateko baldintzak sortu dituela adierazi zuen, baina hurrengoaz ohartarazi zuen, Xanti Iparragirre bertsolariak aurreko astean esan zituen hitzak gogora ekarriz: «Gu ez gara berriak, gu betikoak gara, eta betiko amets horren atzetik ibiltzeari ez diogu inoiz utziko; ez diogu sekula bizkarrik emango askatasunaren sarrerako ateraino ekarri gaituen ondare humano horri. Oker dabil kontrakoa espero duena. Autokritika eta gizatasuna azken bururaino eramanda ere, gudarien ekarpena euskal errepublikaren historia liburuetan jasoko da».

Txiki eta Otaegi eta FRAPeko hiru kideren fusilamenduaren urteurrenak bete berritan, tortura, gerra zikina, espetxe politika eta indarkeria polizialean alderdi politikoek izan duten parte hartzea salatu zuen azkenik, eta horregatik esan zuen ezker abertzaleak orain «soilik begirale lana egitea ez dela zilegi».

«Gauza lazgarriak egin dira, egin dizkiguzue eta egin ditugu gerraren logikan, baina konponbide, bake eta askatasun nahiaren logikari jarraitu behar dio herri honek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo