Hormatzarrak | Jarduera ikusgarria
Groenlandia ezezagunean esploratzen eta zabaltzen
Hilabeteko espedizioan, Vicente Castro, Jose Maria Andres eta Kepa Escribanok 6 bide eta 2.700 metro zabaldu eta igo gabe zeuden lau gailur egin zituzten. Eskalada guztiak estilo garbian egin ziren, besteak beste, marrak seguru finkorik gabe igo zituzten.
Andoni ARABAOLAZA
Kepa Escribanok bere azken espedizioaren berri eman zigunean, antz handia hartu genion duela hiru urte Nicolas Favresse eta enparauek Groenlandian eginiko jardunarekin. Azken hauek belaontzi bat hartu, Groenlandiako hormatzar ezezagunetara hurbildu eta aukeratutako helburuak eskalatu zituzten. Esplorazioa eta eskalada. Eta emaitza bikaina izan zen. Soilik gehitu dezakegu talde horrek sinatutakoagatik Urrezko Pioleta jaso zuela.
Bada, Escribanok eta bere bi kide Vicente Castro eta Jose Maria Andresek, aldeak alde, izaera bereko espedizioa egin dute. Hilabeteko bidaia izan da, eta hirukoteak ere emaitza ikusgarria erdietsi du: sei bide eta 2.700 metro berri eta igo gabeko lau gailur. Hori guztia, gainera, estilo garbian. Datu adierazgarri bat: ez zuten seguru finkorik jarri.
Uztailaren 22an hasi zuten bidaia. Nanortaliken Castro zain zuten. Belaontzia hartu eta abentura berriari hasiera eman zioten. Abentura, gainera, alde guztietatik begiratuta. Jakin bazekiten hango uretan nabigatzea ez dela batere erraz eta erosoa, eta segituan, eskalatzaile bizkaitarrak aurreratu digunez, egoera horretaz jabetu ziren: «Zeharkaldiaren bigarren egunean, adibidez, milaka icebergi iskin egin behar izan genion. Gainera, gauez. Ekaitz bortitz batek ere harrapatu gintuen Sermersoq uhartearen inguruan. Ordu piloa haizeteekin zein olatu handiekin borrokatu ondoren, Nanortalikera blai eginda iritsi ginen. Aitortu behar dut abentura eta beldur gehien nabigatzen pasatu nuela».
Gorabehera horiek pixka bat ahaztuta, atseden hartu eta espediziorako, hots, eskaladarako azpiegitura guztia prestatzen hasi ziren. Kap Farveletik mendebaldera ia esploratu gabe dagoen penintsula baten inguruan informazioa jasotzen jardun zuten. Horretan zirela, ia espedizio guztietan gertatu zaien bezala, ohartu ziren, inguruan zeuden beste espedizioekin alderatuta, «pobreenak» zirela: «Harritzeko modukoa zen: belaontzi erraldoiak, makina bat babesleren laguntza, azpiegitura sendoa, inoiz ikusi ditudan kanpaleku nagusirik... Profesionaltasunetik ia harago! Eta gu, aldiz, normaltasunera ia iritsi ezinik: belaontzi txikiena eta bidoi bat eta egun bateko jardunerako bizkar-zakuetan sartzen zen materiala».
Belaontzian sei orduko zeharkaldia egin eta Narsamijtera heldu ziren. Motxilak bete eta lau orduko ibilaldiaren ondoren, kanpaleku nagusia antolatu zuten. Escribanok dioenez, txundituta geratu ziren: «Alderdi paregabea da: bi laku eta inguruan makina bat pareta. Geneukan informazio bakarra zen mendi garaienak 1.550 metro dituela eta gu belaontzia utzi genuen lekutik 500 metroko garaierara geundela. Horrela bada, hormatzarren garaieren inguruan ez genekien ezer».
Eskalatzeko ordua
Uztaila bukatzeko egun bat falta zen. Hirukoteari eskalatzeko garaia heldu zitzaion. Hasteko, duela hiru urte Favresseren espedizioak eskalatutako bide baten (ingurumari hartan eginiko jardun bakarra) eskuinera dagoen orratz bat aukeratu zuten. Breackfast Spirek dituen orratzetariko bat da, ordura arte igo gabea, eskalatu zutena. 375 metro berri zabaldu zituzten: «Marmitako» bidea (6c, A1). Escribanok esan digunez, kanpalekutik irten eta iritsi arte hamabost orduko jarduna egin zuten: «Oso jarraikorra zen artesiz osatutako marra bat aukeratu genuen. Hainbat luze gogor gainditu ondoren, erpinaren mendebal gailurrera heldu ginen. Zortzi rapel egin ondoren, jaitsiera lasai bat eta kanpalekuan ginen».
Biharamunean berriro martxan ziren. Eguraldi iragarpenek soilik egun on bat «eskaintzen» zieten, eta horrela bada, eskalatzera abiatu ziren. Beste haran bat hautatu zuten, kanpalekutik ezkerrera sortzen dena, eta berriro ezusteko ederra izan zuten: zortzi hormatzar 200 eta 600 metro artekoak. Orratz egoki bat aukera zuten. Mosquito Spire deitu diotena, eta bederatzi orduko jardunean, «La cuadrilla pika pika» bidea (270 m, 6b+) sortu zuten.
Atseden pixka bat, erosketa batzuk herrian eta kanpalekura itzuli ziren. Hori bai, eguraldiak okerrera barik, hobera egin zuen. Abuztuaren 4an, espedizioaren erronka gogorrenari ekin zioten. Escribanok adierazi digunez, ingurumari hartan mendi garaiena, Navianarpoq (1.550 m), hautatu zuten: «Ageriko eta ez hain ageriko sekzioak gainditzen joan ginen. Paretaren erdialdean ginen. Headwall horrek bost luze zituen; gogorrak baino gogorragoak. Hainbat ordu eskalatzen eman ondoren, gauak harrapatu eta bibaka egin genuen. Bibakerako tresneria ez geneukan, eta haizeteek gaua gogortu zuten. Biharamunean eguzkiak bisita egin zigun, eta di-da batean gailurrean ginen. `Nunatak' (7a, A1, 735 m) deitu genion. 35 orduko jarduna izan zen».
Hurrengo helburua kanpalekutik gertu zegoen. Eskalada garbiaren apustua egin zutenez, balizko marra gogorrak alde batera utzi eta beste aukera «samurragoaren» alde egin zuten: «Nahiko bertikala zen, eta hainbat luze zeharkaldian. Oso azkar eskalatu genuen. Mendiari El Katxalote deitu diogu eta bide berriari `Urrezko balea' (6c+, A1, 515 m). 15 orduko lana izan zen».
Castro belaontzira jaitsi zen bitartean, Andres eta Escribanok beste marra bat sortu zuten: «Kalitatezko artesiak eskalatu genituen; beste batzuk, berriz, itxiak ziren. Pareta bederatzi ordutan eskalatu eta handik gailurrera jo genuen. Mendiari Punta Aiarpoq deitu diogu eta marrari `El diablo' (6c, 545 m). 15 orduko jarduna».
Narsamiitera jaitsi ondoren, belaontzia hartu eta Sermersoq uhartera abiatu ziren. Duela hamabi urte espedizio britainiar batek ateratako argazki batzuk esku artean zituzten. Haatik, behe-laino itxiarengatik, erronka ez zuten ikusten. Orduak aurrera joan ahala, zerua garbitu egin zen eta Andres eta Escribanok azken helburuari ekin zioten. Ia 300 metroko artesi bat eskalatu zuten. Luze gogor batzuk eta haizete eta hotz handia. Emaitza: «Fisuras en la niebla» bidea (7a, 300 m) Punta Alboran mendian (mendiari belaontziaren izen bera jarri diote).
Horrela amaitu zen hilabeteko espedizioa: sei bide berrirekin, igo gabeko lau mendirekin, 2.700 metro eskaladarekin eta den-dena estilo garbian. Zer gehiago eska daiteke?
Hilabeteko bidaian, Vicente Castro, Jose Maria Andres eta Kepa Escribanok Groenlandiako hormatzar ezezagunak esploratu eta eskalatu dituzte.
Hirukoteak lorturiko emaitza ikusgarria izan da: sei bide eta 2.700 metro zabaldu zituzten, eta igo gabe zeuden lau gailur egin. Dena estilo garbian.