GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada | Beste erronka gogor bat

Mikel Linazisorok, norabide onean, «Mala vida» (8c) sinatu du

Irailaren 17an, 13 urteko bergararrak Araotzeko «Mala vida» bidea egin zuen, hots, «White zombie»-ren ostean, bere bigarren 8c gradukoa lortu du. Gazteak azkar kateatu zuen; zazpi saio behar izan zituen.

p049_f01_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ezohiko egoerarik gertatzen ez bada, argi dugu Mikel Linazisoro informazio iturri oparoa izango dugula. Ez soilik lehiaketetan lortzen duenarengatik, baita kirol eskaladan egiten ari den ibilbidearengatik ere. Pasa den ekainean, lerrootara Linazisororen kateatze adierazgarri bat ekarri genizuen. 12 urte besterik ez eta Baltzolako «White zombie» bidea egin zuen. Bergararraren 8c graduko lehen marra.

Bada, hiru hilabete geroago, pasa den irailaren 17an, hain zuzen ere, gazteak Araotzeko «Mala vida» bidea egin zuen. Hau ere 8c gradukoa, eta beraz, bere bigarrena. Eta 13 urterekin, uztailean bere urtemuga izan baitzen. Norabide onetik doala ezin da zalantzan jarri. Oso era egokian ikasketak eta eskalada uztartzen ari da, eta gainera, ondoan bere entrenatzaile Josean Mulas badago, bada, zer gehiago gehitu dezakegu?

Ekainean «White zombie» kateatu ondoren, Linazisorok uda osoa aurretik zuen. Han eta hemen eskalatzen ibili da, eta landutako bideetan ez ezik, bistaz asko eskalatu du. Rodellarren, adibidez, 8a+ zailtasuneko pare bat marra poltsikoratu ditu. Valdobian ere, egun berean, beste bi 8a. Eta Mulasek aurreratzen digunez, erraztasun handiz: «Ni saiatzen naiz Mikelek bai landutakoetan bai bistaz ondo estutu dezala. Eta bietan ala bietan ondo baino hobeto moldatzen da. Zailena erraza egiten du, eta ez dauka ia arazorik bide gogorrak kateatzeko. Bistan, adibidez, ez da bakarrik erresistentzia edo jarraikortasuneko bideetan sartzen, blokeko pausotxoak dituztenetan ere bai».

Zazpi saiotan

Iraila ere iritsi zen, eta ia gazte gehienak bezala, Linazisoro ere sasoia galdu gabe zegoen. Araotzen, Mugarri sektorean ia bide guztiak kateatu ostean, erronka gogor bati buru-belarri ekin zion. Bide horrek «Mala vida» du izena.

Marra horri ekin aurretik «Aimar» bidea egin zuen. Batzuentzat 8b+; beste batzuentzat, aldiz, 8b gogorra. Zailtasun bat ala bestea, gazteari berdin zion; izan ere, hiru saio behar izan zituen libretan apuntatzeko. «Bigarren saioan oso goian erori zen. Atseden hartu eta hirugarrenean poltsikoratu zuen», dio Mulasek.

Irailaren 17an, berriz, beste egun handi bat: «Mala vida», bere bigarren 8c graduko bidea kateatu zuen. Ander Lasagabasterrek erronka hori probatzeko animatu zuen, eta jakina, gazteak ez zion muzin egin kidearen proposamenari.

Bere entrenatzaileak esan digunez, inork ez zion bidearen inguruko informaziorik eman: «Aitortu behar zaio lan ederra egin zuela, besteak beste, pauso, mugimendu eta sekzio guztiak bere kabuz atera zituelako. Hots, inork ez zion flasheatu. Oso-oso kontzentratuta egon zen. Adibide bat emango dizut: egun batean ikastetxetik irten, Araotzera joan, helburuan saio bat egin, eta ohartu gabe, gauak harrapatu zuen. Egia da, den-dena erraz egiten duela».

araotz

Mikel Linazisorok 8c graduko bere bigarren bidea egin du. «Mala vida» izan da azkena. Bergararrak soilik 13 urte ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo