GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Istantean urtu

 

Datorren asteazkenean beteko dira 47 urte. «1966ko urriaren 2a igandea zen, iraultza zuri-beltzean betikotu zen instant batean. Munduko surf txapelketa zen Ocean Beachen eta 40.000 ikusle zeuden hondartzan eta estreinatu berri zen portuko barandan pilatuta. Hemezortzi urteko Robert Nat Young gazteak Kaliforniako penintsularen forma zuen trofeo ikusgarria jaso zuen; artean, okupazio tropa amerikarrek 340.000 soldadu zituzten Vietnamen, Brian Wilson bere maisulana aurkezteko zorian zen, «Good Vibrations», eta LSDari hiru hilabete baino ez zitzaizkion geratzen legez kanpoko substantzia bilakatzeko».

Leroy Grannis surflari eta argazkilariaren liburuaren lehendabiziko paragrafoa da honakoa. Argazki eder batzuen nondik norakoen berri emateko modu bitxia da, baina nork konta diezaguke argazkilariak baino hobeto irudi batek izan dezakeen istorioa?

Goian deskribatzen den argazkia, esaterako, argazki arrunt bat izan daiteke. Irabaz saria jasotzen duen mutil gazte bat eta inguruan dituen ikusleen aurpegi irribarretsuak. Ohiko imajina alegia, oraindik txapelketak amaitzean ateratzen diren argazkien modukoa.

Grannisek, ordea, ez du edozein argazki hautatu liburua hasteko. Argazkia bera ere jartzea ahaztu du, argazki on bat ez delako agian, baina iruzkin interesgarria egiten du une jakin haren inguruan. Izan ere, une hark izan zuen garrantzia oharkabean pasa zela erakusten du. Mendebaldeko gizakiak ordura arte hawaiiarren kirol zena lurperatu zuen momentua izan baitzen.

Mende hasieran, hawaiiarrek olatu artean egiten zutena, «He'enalu» delakoa, surf bilakatu zuten Waikikiko hondartzan ziren ilehoriek, baina hala eta guztiz ere, sakrilegioa egin zuten jakitun, hawaiiarrekiko errespetua erakusten jarraitzen zuten. Hawaiiarrentzat He'enalua olatu gainean ibiltzea baino zerbait gehiago zen, mendebaldeko orojakitunok ordea, ez dugu hori inoiz ulertu, gai ez garelako, beste mundu ikuskera bat daukagulako eta esfortzua gainontzekoek egin behar dutela irakatsi digutelako.

«Nat Young australiarrak Munduko Txapelketa irabazi zuen egun hartan», kontatzen du Granissek, David Nuuhiwa hawaiiarra haientzat olatu gainean ibiltzea zer zen adierazten saiatu zela. Hawaiiarrek askotan errepikatzen duten esaldi bat esan zuen, «surflaria olatuan urtu behar da». Mendebaldarrok ulertzeko gai ez garen zerbait da olatuarekin bat egin eta olatu bilakatzearen ideia, baina ezjakintasuna, izatekotan gurea izango da, ulertzen ez dugunak gu baikara, ez beraiek.

Australiarra, eta beraz iparramerikar kastakoa den Nat Young gazteak, zera erantzun omen zion hawaiiarrari: «Nik ez daukat ezerekin urtzeko asmorik!». Granissek aipatzen duen argazkia une hartakoa da, hain justu. Ordutik, surfak bere sustraiak Kaliforniako ur kutsatuetan ditu eta horren oinordekoak gara egun olatu artean gabiltzan zomorro beltzok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo