GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Berdinak

 

Frantziako Barne ministroarentzat Europako herritar guztiak ez dira berdinak. Askatasuna, Berdintasuna, Anaitasuna, frantses Estatuko lemak dira 1789ko iraultzatik. Valls jaunak ikasiak dituzke Katalunian sortu baldin bada ere. Herritar batzuk desberdinak dira harentzat, ondorioz ez dituzte besteek dituzten eskubideak. Ahantzi duke arrazoi horiengatik naziek populakuntza horiek oso garesti ordainarazi zizkietela desberdintasun horiek. Milaka hil ziren kontzentrazio esparruetan. Alta, Valls jaunak sarraski horiek kontu altuan izaten ditu juduak direlarik. Zergatik bereizketa hori?

Arrazismoa estatu mailara ekarria. Eskuinak ere debate latzak izaten ditu bere baitan horretara iristeko. Sozialista batek ministro postutik egin du. Hauteskundeak hurbiltzen direlarik diskurtso nahasle bihurrienak baliatzen dira. Diskurtso horiek ondorioak dituzte, herritarrek ez baitakite finean noren alde bozkatu, dena bihurtzen da berdin. Haatik politikan dena ez da berdin. Errepresio sortzaile eta askatasun emaile ez da berdin. Valls jaunak Alderdi Sozialista eremu usteletara darama. Ez zuen horren beharrik. Euskal Herrian egunero ikusten ditugu sozialisten ekintzak. Azkena Patxi Segurolaren Espainiaren esku uztea!

Gudari Eguna, Gidari Eguna. Bidea erakutsi dute, bidean gelditu dira. Baionan omendu ditugu, baina Jon Anzarekin, Poporekin, Naparrarekin, Per- turrekin, Lopez Peñarekin gertatu zena nork kontatuko digu? Estatuko ardurak erresistentzia mugimenduenak ez al dira larriagoak? Aitortzarik egiteko bidean ez dugu frantses Gobernua ikusten. Badirudi finean Ipar Euskal Herria normalizatu dela deus konpondu gabe. Iraunkorra al da hau?

Zer ulertu behar da frantses armadaren tropak Ipar Euskal Herrian zehar mugimenduak egiten dituelarik? Gogoratu behar da Baionan erregimentu inportanteak kokatuak daudela. Berriz ere aritu dira entrenatzen. Aldi honetan herritarrak atera dira «alde hemendik» erratera. Berehala herritar multzoa bildu da armadaren presentziaren kontra protestatzera. Nork erranen zuen «Alde hemendik» lema Ipar Euskal Herriko lema zela? Ez, normalizazioa ez dute lortu, haien esperantza baldin bazen ere. Diskurtsoak aldatzen ahal dituzte, herri honekiko dagoen sentimendua handiagoa da, sakona da. Abertzaleok herri hau maite dugu eta proiektu bat dugu independentziara eramanen gaituena. Hauteskundeen gainetik dagoena hauteskundeen inguruko sasi antolaketen gainetik. Hau da inportanteena. Zaila da gaur egun egoera argiki ikustea bihurgunea oso handia izan baita. Baina gure geroa gure baitan dago. Europako edozein herritarren eskubideak ditugu, garena izateko. Hori ez du inork aldatzen ahal. Guri dagokigu independentziarako bidea irekitzea, horrek arazo asko konponduko dizkigulako. Frantses eta espainol legeen menpe bizitzeak menpekotasuna ekarriko baitigu soilik. Gara dezagun lerroa.

Ondoko urratsa ezin da bestelakoa izan. Estatuek sobera argi erakutsi digute ez direla mugitzen. Frantses Estatuak ez ditu bere baitan dauden aldaketak ezagutzen, gure nortasunaren kontra etengabe dabil; azkenak prefetaren adierazpenak. Ez ditugu entzun behar, haien ekintzak epaituko ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo