GARA > Idatzia > Kultura

Txileko zinema eta artea hurbiletik ezagutzeko aukera, Biarritzeko jaialdian

Aurten ere Latinoamerikako zinema Biarrizko zinegela eta aretoetan lekutuko da astebetean. Bihar, arratsean, «Los insólitos peces gato» lanak zabalduko du jaialdiaren lehiaketa. Urriaren 6a arte, saria lortzeko lehian izanen diren dokumentalekin, film laburrekin eta film luzeekin, Txileko zinema eta kultura goraipatuko da. Egungo Txileko zinemagileen sorkuntzak proiektatzeaz gain, Graffiti erakusketa izanen da, eta Cekis artistak obra bat eginen du zuzenean.

p057_f01_64821.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

«Los insólitos peces gato» pelikularen proiekzioarekin emanen diote ate irekitzea, bihar arratsean, Biarritzeko Latinoamerikako Zinemaren eta Kulturen Jaialdiari. Sei egunez, herriko zinema areto eta erakustoki nagusietan, proiekzioak zein erakusketak preziatzeko parada izanen da berriz ere.

Aurten, 22. edizioan, antolatzaileek Txileko zinema eta kultura goraipatu nahi izan dute. Hautaketa horren zergatia azaltzean, ideia iazko edizioan otu zitzaiela argitu zuen jaialdiko zuzendari Marc Bonduel-ek. «Iaz Txileko film asko izan genituen lehiaketan, eta nazioarteko zinema jaialdi nagusietan askotan Txileko lanak aukeratuak eta askotan sarituak ere izaten direla ohartuak gara», erran zuen. Iaz Biarritzen proiektatua izan zen «No» filma arrakasta horren adibidetzat jarri zuen. Txileko zinemagintza garaikideari emanen diote bereziki garrantzia, eta azken urteotako hamar lan proiektatuko dituzte. Ramuntcho Mattaren -Roberto Matta margolariaren semea- «Intimatta» filma, Niles Atallah zinemagilearen «Lucía», Canneseko jaialdian 2008an saritu zuten Pablo Larrainen «Tony Moreno» filma eta nazioarteko festibal askotan ikusiriko «El salvavidas» dokumentala ikusten ahalko dira, besteren artean. «Filmekin batera zinegileak hurbilduko zaizkigu, Txileko zinema zer den eta zer kontatzen duen azaltzeko».

Lehiaketako filmak

Cekis eta Inti Castro Txileko street art (kaleko artea) estiloko artista ospetsuenak Biarritzen izanen dira eta, beren obrak aurkezteaz gain, ikusleekin batu eta topaketak eginen dituzte. Ikus-entzunezkoen jaialdian, halere, aurtengo lehiaketarako aukeratuak izan diren hamar lanek erakarriko dute bereziki ikusleen arreta. Film gehienek familiaren inguruko istorioak agertzen dituzte.

Jaialdiaren lehen egunean proiektatuko den lanak, hots, Claudia Sainte-Luce zinemagilearen «Los insólitos peces gato»-k, esate baterako, Claudiaren ibilbidea jarraitzen du, eta, familia berriaren bizitzako gorabeherak azaltzen ditu.

Lehian izanen da ere Caru Alves de Souzaren «De menor» filma; bi neba-arrebek justiziarekin izango dituzten arazoak kontatzen ditu istorioak. Jose Luis Valleren «Workers» da lehiaketako filmetako beste bat; Rafael eta Lidia dira protagonista, bizitza osoan Tijuanan lan egin ostean, beren eskubideen aurkako bidegabekeria bat jasanen dutenak.

Bestetik, Aaron Fernandez egilearen «Las horas muertas» lanak Sebastian eta Mirandaren arteko sedukzio joko laburra erakutsiko du. Lucia Puenzoren «Wakolda», berriz, benetan gertaturiko istorioa da: Argentinako familia bat historiako kriminal handienetako batekin bizi izan zen, benetan nor zen jakin gabe. Mariana Rondonek zuzendutako «Pelo malo»-k ama batek bere semearen balizko homosexualitateari nola aurre eginen dion azaltzen duen lana da.

Horiez gain, Marcela Said egilearen «El verano de los peces voladores» dago, non Manena gazteak bere aitarentzako lan egiten duten maputxeen mundua ezagutuko duen; Santiago Lozaren «La Paz», ospitale psikiatrikotik atera berri den Lisoren bizitzan oinarritutakoa. Juan Carlos Maneglia eta Tana Schemboriren lanak, berriz, 17 urteko Victor du protagonista «7 cajas»-en. Mutilak banatzaile lana du eta gau batean 7 kaxa misteriotsu banatu beharko ditu. Azkenik, Mateo Iribarren egilearen «El tío» izanen da lehian, non Ignaciok Pinocheten aholkulari izandako bere osabari buruzko antzerki bat egitea erabakiko duen. Dokumentalen sailean, berriz, hamalau lan lehiatuko dira.

KIMUAK

Lehiaketatik kanpoko film laburren proiekzioetan Euskal Herriko lanak ikusten ahalko dira. Orotara, bost film labur emanen dituzte. Akitania eskualdeko beste hiru film labur ere erakutsiko dira.

De Donostia a Biarritz y el jurado preparado para empezar

Algunas películas que se han presentado en el festival de Biarritz vienen de haber participado en la 61 edición de Zinemaldia: «De menor», de Caru Alves de Souza; «Workers», dirigida por José Luis Valle; la última producción de Aaron Fernández, «Las horas muertas»; «Wakolda», de Lucía Puenzo; y «Pelo malo», dirigida por Mariana Rondón y ganadora de la Concha de Oro a la mejor película.

El jurado que se encargará de juzgarlas está constituido por la productora Martine De Clermont-Tonnerre, la actriz Emmanuelle Beart, el actor Alfredo Castro, el artista Ramuntcho Matta, el periodista Alain Riou y el distribuidor Pascal Traechslin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo