GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Bigarren Mailako Euskal Herriko finala

Ruben Saralegik garbi utzi du etorkizun handia duela

Juanjo Lopezek bigarren amaitu zuen, eta leitzarrarekin batera bera ere Lehen Mailara igoko da.

p044_f03_456x546.jpg

Jon LEUNDA

Ruben Saralegik irabazi zuen atzo Aizarnazabalen jokatu zen Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finala, eta datorren urtean Lehen Mailan arituko da. Berarekin batera, Juanjo Lopezek lortu zuen maila nagusian aritzeko txartela, berak eskuratu baitzuen bigarren postua.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki behar izan zituen. Atzoko finalean Azkoitiko kanporaketan aritu ziren sei onenak izan ziren. Jendearen erantzuna, berriz, ikaragarria izan zen, jendetza batu baitzen finala ikustera.

Ruben Saralegirena handia da, bi urtetan bi txapel jantzi baititu. Iaz Hirugarren Mailakoa irabazi zuen, eta aurten lehen aldiz aritu da Bigarren Mailan, baina hor ere txapela jantzi du. Juanjo Lopez, berriz, urte askoan ibili da maila nagusian, podiumean ere askotan izan da, baina iaz maila galdu egin zuen, eta aurten iaz galdutakoa berreskuratzea lortu du.

Txapelketaren amaiera ikaragarria izan zen, Saralegik Lopezi segundo bakar bat atera zion, kolpe bat. Zaila da maila honetako final bat horren estua ateratzea, baina atzo halaxe izan zen. Gainerakoan ere aldeak ez ziren handiak izan, lehenengo postutik azkenekora hiru minututik beherako tartea egon zen, eta hori ere ez da askotan gertatzen. Horrek garbi uzten du atzoko final handian aritu zirenen artean aldeak oso txikiak zirela.

Ruben Saralegi izan zen kanporaketan ere onena, baina lana ez zen atzokoa bezalakoa. Horrek zalantza batzuk sortzen zituen zaleen artean, baina atzo argi eta garbi utzi zuen ordukoa ez zela kasualitatea izan. Oraindik oso gaztea da, eta zeresan handia emango du.

Lopezi dagokionez ere zalantza handiak ziren, azkenaldian behera egin duelako, eta kanporaketan ere ez zelako sobran ibili, baina atzo berea egin, eta maila nagusira itzuli da.

Askorentzat atzoko faboritoa Mikel Larrañaga zen, baina azpeitiarrak ez zuen egun onik izan. Hasieran gaizki ibili zen, eta hor galdu zituen aukerak. Gero, behetik gora egin zuen, baina beranduegi zen, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Orokorrean denek egin zuten lan ona.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo