trontza
Josetxo Barberena eta Ana Iraizoz izan dira Txapelketa Mistoko onenak
J.L.
Josetxo Barberenak eta Ana Iraizozek irabazi zuten Igantzin jokatu zen Nafarroako Txapelketa Mistoa. Guztira, bederatzi bikote ziren izatekoak, baina azken unean ezin izan ziren aritu Mazkiaran eta Mitxelena, eta zortzi lehiatu ziren.
Bikote bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 45 ontzako enborrari. Barberenatarrak tartean egonda, beti faborito izaten dira. Bi anaiak dira egungo onenak, eta ez zuten hutsik egin, nahiz eta Iñakik seigarren amaitu zuen. Iraizoztarrekin nahastuta aritu ziren lanean.
Lana motza zuten, eta horrek ikuskizuna areagotu egin zuen, tarte oso txikiak egon baitziren. Josetxo Barberenak eta Ana Iraizozek 20 segundo atera zizkioten Urrutiari eta Sorondori, eta minutu bat Eugiri eta Ontsalori. Hortik atzera segundo gutxi batzuetako tartea bakarrik egon zen bikoteen artean. Leku berean jokatu zen abiadurako txapelketa ere, eta bikoteak epai bat moztera lehiatu ziren. Hor ere sailkapen nagusian ez zen ezer aldatu, Josetxo Barberenak eta Ana Iraizozek irabazi baitzuten, eta bigarren hemen ere Urrutia eta Sorondo sailkatu ziren. Jendearen erantzuna ere bikaina izan zen, ikusle asko batu baitziren Igantzin.