GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

LIBRE EGUNA

Lekeitio, konpromisoaren aldeko olatu laranja

Konponbidearen aldeko aldarrikapenek bat egin zuten Lekeition, epaiketa politikoen aurka eta eskubide zibilen alde ospatu zuten Libre Egunean. 35/02 eta 26/11 sumarioetan auzipetuta daudenek makroepaiketak aukera gisa hartzearen garrantzia nabarmendu zuten, horretarako indarrak batzea ezinbestekoa dela iritzita. Jendetzak erakutsi zuen eman beharrekoa emateko prest dagoela.

p006_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Zein forma eta kolore ditu konpromisoak? Zaila da zehaztea, agian ezinezkoa; kontzeptu konplexua da, are gehiago, abstraktua. Sentitu bai baina eskuekin ukitu ezin daitezkeen beste hamaika kontu bezala. Batzuetan, ordea, irudi batek definitzen du hori guztia. Keinuak dira, uneak, pertsonak... Lekeitio atzo hori guztia izan zen. Oro har epaiketa politikoen amaiera eskatzeko, eta bereziki 35/02 eta 26/11 sumarioetako auzipetuak babesteko Libre Eguna aldarrikapen eguna izan zen, baina baita konpromiso eguna ere.

Laranja kolorea nonahi zegoen -kolore bizi hau da bereziki azken urtean eskubide zibil eta politikoen defentsan erabili dena-. Askatasunaren aldeko lemak ere ikusi ziren kamiseta, zapi eta pegatinetan.

Euskal Herritik gerturatu ziren ehunka herritarrek egin bezala, atxikimendua adierazi zuten Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eta Julen Arzuaga eta Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideek, besteak beste. Txupinazoa jaurti ondoren, Pirritx eta Porrotxek gidaturiko kalejirarekin abiatu zen eguna, eta herri kirolekin jarraitu zuen.

Eguerdia pasatxo, portuak bereganatu zuen bertaratutakoen arreta. «Elkartasunetik konpromisora» izenburupeko ekitaldian giza kate sendo bat osatu zen itsasoaren inguruan. Luis Goñi eta Xabier Sagardoi Xaporen egoera salatzeko [azken hau ordu batzuk geroago atxilotu zuten] Iruñean antolaturiko herri harresia jarraibide hartuta, eskuz esku igaro zen elkartasun harria. Lehendabizi, bi sumarioetako auzipetuek hartu zuten, oholtza gainean igota eta txalo zaparrada jasota. Une hunkigarria izan zen harria eskuz esku ibiltzen hasi zenekoa, heldu, zahar zein haurren eskutik. Bitartean, independentzia eta konponbidearen aldeko oihuak entzun ziren.

«Auzipetuok hartu dugu konpromisoaren lekukoa, hartu zuek ere, orain zuen txanda da», aldarrikatu zuten gazte independentistek. Zentzu horretan mintzatu zen bere babesa ematera Lekeitiora gerturatu zen emakume bat. «Ez dituzte eramango, ez diegu utziko, eta eramaten badituzte asko kostako zaie. Euskal Herriak indarra egingo du hori saihesteko».

Amaieran Joseba Permachek hartu zuen hitza. «Datozen asteak elkartasuna batzeko asteak dira. Solidaritate horrek urratsak egin behar ditu, baina horretarako konpromiso pertsonalak eta kolektiboak behar ditugu PPren eta Madrilgo Gobernuaren jarrera jasangaitza egiteko».

«Triste jarri nahi bagaituzte, jakin dezatela ez dutela lortuko -erantsi zuen-; indartsu, alai, aurrera egingo dugu. Prozesua irabaziko dugu, dagoeneko irabazten ari gara».

Lekeition gertatzen ari zenaz irakurketa positiboa egin zuen Ibai Esteibarlanda gazte auzipetu elorriarrak. «Sentsazio onak» ditu, baina, hala ere, «presio handiagoa» aldarrikatu zuen «benetan Euskal Herrian epaiketak gelditu nahi badira». «Hots, presioa nigandik hasita, Ibaiengandik, gero jendartean zabaltzeko. Kate hori ezinbestekoa dela uste dut», erantsi zuen.

Epaiketak aukera gisa

Urriaren 14an eta urriaren 17an hasiko dira, hurrenez hurren, gazte independentisten eta HB, EH eta Batasunako militanteen aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean. Orotara, 40 euskal hiritar igaroko dira epailearen aurretik, nahiz eta orotara 150 pertsona joango diren Madrilera, aintzat hartu behar baitira «herriko tabernetako» administratzaileak. Inputatu gisa ez izan arren, epailearen aurrean deklaratu beharko dute.

Epaiketak luzeak izango dira, bistak oso tartekatuta jarri dituzte eta hilabeteak igaroko dituzte Madrilera joan-etorriak egiten. Hala ere, eta hemen jarri zuen Esteibarlandak azpimarretako bat, «ondoren beste asko etorriko dira, gure egoera berean beste asko baitaude». Eta horiek dira, bere iritziz, gelditu behar diren prozesuak, beren auzia, 26/11 delakoa, dagoeneko «martxan» dagoelako.

Horretaz ere mintzatu zitzaion GARAri Joseba Alvarez ezker abertzaleko kidea, 35/02 sumarioan auzipetuta dagoena. «Hau lasterketa luzea da; hemen ez da ezer amaitzen, baina nolabait modu honetara aldarrikatu eta erresistentzia egitearen hazia badago». Aurore Martinen inguruan egindako herri harresia aipatu zuen, baita Donostian, Ondarroan eta Iruñerrian egindakoak ere. «Alderdi politikoak jendartearen menpe jartzea lortu da; eta ez alderantziz izatea. Mugimendu honek balio erantsi asko ditu, eta horietako bat da, hain zuzen, ez dela goitik behera sortu den uholdea, behetik gorakoa baizik».

Aipatutako tokietan gertatutako herri mugimendu hauen zeharkakotasuna ere goraipatu zuen, eta azpimarratu herri bakoitzak bere estilora egiten asmatu duela, eta hori da, bere irudiko, gakoetako bat. Honek guztiak lehenago edo beranduago emaitza emango duela esan zuen, nazioartetik hel daitezkeen adierazpenekin batera. Presio puntuak horiek izango dira, baina batez ere euskal gizartearena. Hain justu, gaur bertan ekin diote sumarioetako ordezkaritzek nazioarteko birari, zehazki Estrasburgo, Brusela, Irlanda eta Eskozian barrena.

Epaiketak sufrimendua ekarri die, baina prozesua bera «aukera» gisa hartzea oso garrantzizkoa dela ohartarazi zuten bai Alvarezek bai Esteibarlandak. Alegia, bi aukera daudela, hondoratzearena edo indarrak batzearena erantzun irmoa emateko. Bigarrena da bidea, eta horretan ari dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo