Bordele eta Tours arteko AHT bidearen finantzaketa gelditzea erabaki dute
Bordele eta Hendaia arteko AHT trenbidearen lanak atzeratuak izan ostean, Tourserainoko bidearen finantzaketa etetea erabaki du Kontseilu Nagusiak. Bozketaren emaitzarekin haserre, «AHTren aldeko borrokak» bere horretan segitzen duela esan zuen Kontseiluko presidenteak.
GARA | HENDAIA
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak, Bordele eta Tours arteko AHT trenbidearen finantzaketa etetea erabaki zuen ostiralean, Kazeta.info webguneak jakinarazi duenez. Hendaiaraino iritsi behar zen AHT trenbidea egiteko Estatuaren finantzaketa aski ez zenez, Ipar Euskal Herriko eta departamenduko erakundeei Tours eta Bordele artean egiten ari diren trenbidea diruz laguntzeko galdegin zitzaion Kontseilu Nagusiari. Honek baiezkoa eman zion eskaerari eta 30 milioi inguru ordaindu dituzte jadanik, guztira eman behar zituzten 80 milioietik.
Uztailean, ordea, Bordeletik Hendaiarainoko tartearen eraikuntza 2030. urtera arte atzeratuko dela jakinarazi zen. Hortaz, tarte hori egiten hasi arte ez duela diru gehiago emanen adierazi zuen Kontseilu Nagusiak. Ostiralean Pauen egindako bileran erabaki hori hartu zen bozketa bidez; hots, finantzaketa gelditzearen alde agertu ziren kontseilariak. Aurkeztutako testuan finantzaketa gelditzearekin batera ikerketak segitzearen aldeko puntua ere bozkatu zuten.
Bozketarako izena eman zuten 52 kontseilari nagusien artean 48k finantzaketa gelditzearen alde egin zuten. Jean-Marc Grussautek eta Alain Iriartek kontra bozkatu zuten, eta Marie-Christine Aragon eta Kotte Ecenarro abstenitu egin ziren. «Delibero hau izanik ere, Bordele-Espainia arteko AHTren aldeko borrokak hor jarraitzen du», adierazi zuen Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidenteak Paueko Nafarroako Parlamentuan egindako bileran.
Bozketa berean, AHTren gaineko ikerketekin segitzea ere eskatu zuten kontseilariek. Izan ere, noizbait Bordele eta Hendaia arteko tartea egiteko modurik izango balitz ere, ikerketak eginak izatearen alde bozkatu du Kontseilu Nagusiak.
«Gelditu berriz hartzeko»
Georges Labazeek uztailean iragarri zuen jada Tours eta Bordele arteko AHTren finantziazioa gelditu eginen zutela Bordeletik Hendaiara arteko tartearen eraikuntza hasi arte. Horregatik, ostiraleko bozka «uztailean hartutako jarreraren gauzatze administratiboa» izan dela adierazi zuen. Hala ere, finantziazioaren gelditze hau «laster itxiko den parentesi» bat izatea espero duela nabarmendu zuen, eta testuinguru horretan «berriz hartzekotan gelditu» direla gaineratu zuen.
Orain arte Kontseilu Nagusiak eman duen 30 milioi euroko diru partida ere hizpide izan zuen: «Ordaindu izanak etorkizuna prestatzen hastea ahalbidetu du. Gure indar ekonomikoak ez dira alferrikakoak izan».
Tours eta Bordele arteko AHT trenbidea eraikitzeko 80 milioiko diru laguntza ematea onartu zuen Kontseilu Nagusiak, eta horietatik 30 ordaindu ditu. Oraingoz, lanak etetea erabaki dute Bordeletik Hendaiara arteko tartearen eraikuntza atzeratua izan delako.