GARA > Idatzia > Kultura

BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Jon eta Alaia Martin, lehenengo eta bigarren puntu baten aldeaz

Txapelketa da eta puntuetan jartzen dugu denok arreta. Puntuak puntu, atzokoa hasiera ederra izan zen. Sei bertsolari handi ikusi genituen oholtzan, batzuetan aiseago eta besteetan uzkurrago, bertsoaren sei jostun.

p054_f01.jpg

Amagoia MUJIKA

Txapelketa da eta puntuetan jartzen dugu denok arreta. Puntuak puntu, atzokoa hasiera ederra izan zen. Sei bertsolari handi ikusi genituen oholtzan, batzuetan aiseago eta besteetan uzkurrago, bertsoaren sei jostun.

Olaederra kiroldegia topera. Bero itogarria. Abaniko inprobisatuak. Txalo zartada indartsuak eta tripan zuloa egiten duten isilune kolektiboak. Gozamena. Hasi da Txapelketa Nagusia.  
Finalaurrekoetarako zuzeneko lehen txartela jokatzen zen atzo Amasa-Villabonan, eta Jon Martinek poltsikoratu zuen. 654 puntu kostatu zitzaion. Borroka ez zen txartelerako bakarrik, puntuak pilatzea garrantzitsua zen, puntuazioaren arabera banatuko diren txarteletarako aukera izatearren. Ikusi egin behar datozen kanporaketek zer ematen duten, baina badaezpada Alaia Martin anaiaren ondo-ondotik ibili zen, puntu bakarrera.
Jon Martinek seguru ibili zuen bidea arratsalde osoan, ariketa guztietan erregularretik gorantz. Eta kartzelakoarekin errematatu zuen ongi egindako lana. Kartzelako gaia hauxe zuten: Lekuko izan zara nahi gabe. Ez dakizu zer egin.
Hauxe, Jon Martinen lehena: «Goiko pisuan eztabaida bat oihuz, garrasiz, intziriz/ entzun nahi ez ta entzun beharra tokatu nere belarriz/ eskilaratan gora joan naiz iristeko presa biziz/ ta emaztea han atera da lurra odol tantaz bustiz/ bizilagunak jo egiten du gaurkoan behin eta berriz/ inork ikusi nahi ez lukeena ikusi dut nire begiz».

Alaia, puntu bakarrera
Ze poza hartu zuten anai-arrebek beren izenak lehen eta bigarren tokian aditzean. Alaiak hasierako agurrean esan zuen ustez behar zuen guztia ekarri zuela saiorako, baina gauza bakarra ahaztu zitzaiola: Beldurra. Horregatik ibili behar izan zuen bidea beldurrik jantzi gabe. Hamarreko txikian bikain aritu zen Iker Zubeldiarekin. Urtebete bananduta egon arren, bere aitak –Ikerrek– ezkontzako bere argazkia oraindik etxean duela ikusten du Alaiak. «Arrazoia bakoitzak bat dauka jakina/ nik betiko izan nahi nuen erregina/ zapo bihurtu arte printzipe urdina/ nahiz ideala izan horko imajina/ enaiz amesten zendun alaba berdina», bota zuen hirugarrenean. Eta kartzelakoan ere, txukun. Kartzelako gaian bortxaketa baten lekukoaren azalean sartu zen. Esanguratsua izan zen saioko bi emakumeek irudi berbera marraztu izana kartzelakoan; emakume baten kontrako erasoa. Nerea Elustondoren kartzelakoan erasotakoa eta erasotzailea, biak, ezagutzen zituela aitortu zuen. Indartsua izan zen irudia, barrua zulatzen duten horietakoa. «Gure auzotik ezagutzen det jo ta hor dago Enara/ egia esan hau aitortzeko berez ezer ez da traba/ salatu behar nukeela sarri esan det lau haizetara/ baina zergatik sentitzen det nik halako barne ikara/ zer egingo dut bortxatzailea nere lagun mina bada». Elustondok ondo eutsi zien ariketa guztiei, eta bikain aritu zen bereziki puntuak erantzuten.
Odei Barrosoren saioa entzutea plazera izan zen. Bertsoak batzuetan lortzen du entzule guztiek arnasari eustea une berean. Magia da hori. Horrelako zerbait lortu zuen kartzelakoan, kasik poto egin zuela oharkabean pasatzeraino. «Oino probatu gabe bizitzan laurdena/ ni hamar urte ditun mutiko lerdena/ hemen pasatzen dena ez da hain gardena/ korapilatu egin zait kolpetik barrena/ urratsa herrena/ zer dator hurrena/ argi da polizira joko nukeena/ ez baldin balitz aita ama jo duena».
Fredi oso ondo aritu zen ariketa guztietan, baina kartzelakoan huts egin zuen. Helduleku eskasarekin abiatu zen eta kostata amaitu zuen. Pena, ze ordura arte asko zuen egina. Eta Iker Zubeldiari buruz, ze esan. Txaloak, algarak, gozamena piztu zituen entzuleen artean, baina puntuak gutxiago pilatu zituen. Hala ere, Zubeldiak saio bati ematen diona ezin da puntutan neurtu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo