GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatuko dute Ziburun urrian zehar

p019_f02.jpg

GARA | ZIBURU

Azken bi urteetako dinamikari jarraiki, «Euskaraz bizi nahi dut» hilabetea ospatuko du urrian Ziburuko Bai Euskarari taldeak. Ostiralero eginen dituzten ekintza kulturalen bitartez, euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea aldarrikatzea izango dute helburu, Laida Mujika taldeko partaideak azaldu zuenez.

Hilaren 4an abiatuko dute ekimena «Ziburut'har hitza» mintzodromoarekin. Urriaren 11n «Euskalduna naiz eta harro nago» bakarrizketak jarraituko dio, eta hilaren 18an Antton Curutcharryk Nafarroako konkistari buruzko hitzaldia eskainiko du. «Euskaraz bazkaldu nahi dut» zirkuak emango dio amaiera ospakizunari, urriaren azken ostiralean.

Bestalde, herriko saltoki eta elkarteetan Bai Euskarari ziurtagiria sustatzeko helburua ere badu taldeak. Urrian, jarraipen lanari ekingo dio, euskararen erabilera neurtzeko asmoz.

Herriko hainbat elkarteren eta Udalaren laguntzaz, 2006an sortu zen Bai Euskarari taldea, eta ordutik euskararen sustapenean urrats ugari egin dituztela nabarmendu zuten partaideek. Aurrerantzean, bide horretan Baltsan elkartea eta Ziburuko ikastola lagun izango dituztela nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo