Lampedusarako bidaia luzearen amaiera tragikoa: horrorearen ardura partekatuak
Lampedusa irla, Italiak eta Europar Batasunak Mediterraneoko hegoaldean duen punturik urrunena, migratzaileen hondamendi eta zorigaitz askoren lekuko izan da. Migratzaileen etorria eta horien heriotzak hain dira handiak, ezen politikarientzat eta giza eskubideen aldeko ekintzaileentzat paradigma bilakatu baitira. Gainbeherarik, etenik, ezagutzen ez duen pertsonen trafikoari aurre egiteko ezinaren eta migra- zioaren erregulazioan porrot ikusgarri baten sinbolo mingarria da.
Seguru asko, baina, atzo gertatu zen tragediaren neurrikoa gutxitan ikusi da Lampedusan. Dozenaka migratzaile hilda, tartean emakume eta haur ugari, eta berrehunen bat desagertu utzi ditu, Libiatik abiatu zen itsasontzia urperatzean. Oraingoan, Somalia eta Eritreakoak dira biktimak, baina bizitza berri baten aukeraren bila, babes eta oparotasunaren esperantzaz abiapuntu berri bat amets, ehunka eta ehunka mila migratzaile abiatzen dira Afrikatik eta Asiatik Europarantz. Hainbeste jende desesperaturik! Hainbeste gerra eta gose nonahi! Hainbeste giza trafikatzaile dirua egiteko prest!
Tragediaren tamaina ikusirik, horrorearen neurrigabetasuna, asko izan dira doluminak eman eta berriz ez gertatzeko beharrezkoak diren erabakiak iragarri dituztenak. Erantzukizunak zuritzeko hitzak dira. Mirariak, ordea, ez dira espero eta ez dira behar. Aita Santuak berak «axolagabetasunaren globalizazioa» salatu zuen Lampedusara bertara egindako bidaia aski mediatikoan, eta neurriak hartzera deitu zituen politikariak. Alferrik, baina.
Europatik Afrikara, eta beste toki askotara, lapurreta eta gerra esportatzen den artean, migratzaileen eta errefuxiatuen uholdea segurtatua dago bueltan. Migratzaileen aurkako kanpainek politikaren erdigunean dirauten bitartean, botoak arrantzatzeko amu egiten direno, arazoak okerrera egingo du. Arrazakeriak -nahita ere sekula ez desagertzeko ohitura higuingarria duenak, zaintza zorrotz eta betirakoa eskatzen duena- atmosfera politikoan normal arnasten segitzen duen heinean, migratzaileen kontrako horma eta txarrantxak biderkatuko dira.
Gobernuak migrazio irregularra jazartzen eta zigortzen tematzen dira, baina bide seguru, sano eta alternatiboak eskaintzen ez dituzten bitartean, ardura partekatua dute tragedia honetan. Bere ondorio hilgarrietan, plastikozko poltsetan pilatuak diren milaka hilotzetan.