GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Arantza MANTEROLA eta Jone URTEAGA | Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria eta Laskorain ikastolako zuzendaria

Nerabeak eta edana

 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen laurden batek (15 eta 24 urte bitartekoak) asteburuetan gehiegi edaten dute edo arrisku muga horretan daude. Hori ez diogu guk; Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok baieztatu zuen, iragan ostiralean Eusko Legebiltzarrean «Euskadi eta Drogak 2012» txostena aurkeztu zuenean. Eta pentsatzekoa da, datuok ez direla ikaragarri aldatuko Nafarroan nahiz Ipar Euskal Herrian.

Artikulu hau idaztea erabaki genuenean, ez geneukan datu zehatz horren berri. Datu horrek, noski, arrazoi gehiagoz garamatza artikulu hau idaztera. Alkoholaren kontsumoa gure gazteen, gure nerabeen artean asko kezkatzen gaituen gaia da. Are kezkagarriagoa da azken urteotan ikusten ari garena; gero eta gazteagoak gero eta graduazio handiagoko edari alkoholdunak kontsumitzen ari baitira.

Kontsumoaren gizarte honek alkohola goraipatu eta bedeinkatu egiten du. Hori bai, gure hipokrisia azken muturreraino eramaten dugu alkoholaren eragin negatiboak azaltzen direnean -istripuak, heriotzak, alkoholismoa...-, eta are gehiago gazteen artean ematen badira -borrokak, koma etilikoak...-.

Urte osoan zehar sagardo eta ardo guztien uzta, txotx, eta ospakizun guztiak albistegien buru eta lehen orrietako argazki ditugu; mugen arteko «gerrak» ere izan dira jatorri izendapenekin, gure ardo eta sagardoen osasun onuren gaineko milaka ikerketa argitaratzen dituzte. Edozein ospakizun edo jai ez da deus alkoholik ez badago, eta ospakizun edo jai guztien edozein erreportajek alkoholak «poztutako» jendea erakutsi behar du.

Alkohola presente dago ospakizun eta jai guztietan. Tabakoarekin batera, olgeta-droga legal bakanetakoa da. Gure haurrek txikitatik ikusten dute gurasoek alkohola kontsumitzen dugula, eta disfrutatu egiten dugula edanarekin. Alkohola, beraz, disfrutatzeko modu bat eta helduen ohitura bat bezala ikusten dute. Ez da harritzekoa, orduan, heldutasunera igarotzeko langa gisa ikustea alkoholaren kontsumoa. Ez da harritzekoa, orduan, helduek baimenduta baina beraiek debe- katuta daukaten edabea probatzeko irrika edukitzea. Ez da harritzekoa, orduan, arriskutsua dela jakin arren, alkohola dastatu nahi izatea. Debekuak eta arriskuak erakargarri dira nerabezaroan.

Bi gauza desberdin dira, ordea, alkohola dastatzea eta gehiegi edatea. Eta debekuak debeku, adin txikiko gazteek alkohola eskuragarri daukate, eta kaleko edana, jai edo ospakizun berezi batzuetatik harago, ia astebururoko erritua da gazte askoren artean.

Ez, ez dugu begirik itxi nahi. Ikastolen aldeko jai handiotan ere gertatzen dira ez jai hauetan, ezta beste inongotan ere, gertatzerik nahi ez ditugunak. Gure kasuan, gainera, muturreraino eramaten dira kasuon oihartzunak. Esango genuke, gainera, hedabideetan ikastolen jaietan bakarrik nabarmentzen direla mozkorturiko gazteen kasuak, Jaurlaritzaren azken txostenak astebururo lau gaztetik ia batek gehiegi edaten duela dioen arren.

Baina ez dugu inolako justifikaziorik egiteko asmorik, ezta gure erantzukizuna estali nahi ere. Aitzitik, Kilometroak elkartean urteak daramatzagu gai honetan lanean. Gure haurrak, nerabeak eta gazteak jai honen protagonista izatea nahi dugulako; baina ez zentzu negatiboan, tamalez, askotan hedabideek horrela marraztu duten arren.

Urteak dira, ikastolen barruan lehenbizi eta Askagintzarekin elkarlanean geroago, prebentzioari heldu geniola. Askagintza, tamalez, desegin egin zen, baina harekin elkarlanean ikasitakoa, orain Agipad-en elkarlanarekin, praktikara eramaten ari gara urtero. Gure helburua da gure gazteek alkohola probatzeko adina atzeratzea, eta alkohola edaten dutenean zentzuz edaten ikastea, arrisku egoerei aurre egitea; aisialdirako eta ongi pasatzeko alkoholaren beharrik ez dagoela jabe daitezen nahi dugu; debekuaren gainetik alternatiba osasuntsuak eskaini nahi dizkiegu.

Urte osoko lanketa da, irakasle, ikasle eta gurasoekin, bai eta boluntarioekin ere. Talde bakoitzarekin banaka jarduten dugu, eta elkarrekin ere bai. Prebentzioa urte osoan lantzen dugu, eta Kilometroen egunean bertan lanketa eta jarraipen berezia egingo dugu. Gazteak animatzen ditugu alkohola alboratzera eta gehiegi edatearen ondorio kaltegarriak saihestera. Hezitzaileak eta ikastaro bereziak egin dituzten boluntarioak jartzen ditugu lanean. Gure txosnetan ez diegu adin txikikoei alkoholik ematen, eta ez dugu graduazio handiko edari alkoholdunik...

Eta, hala ere, gertatu egiten dira; eta, hala ere, ezin dugu ziurtatu ez dela gertatuko. Horrek, ordea, ez gaitu etsipenera eraman behar, eta tinko eusten diegu gure helburuei: gure haurrak helduarorako prestatu nahi ditugu, bai eta bizitza asebetea izateko prestatu ere, gizabanako gisa, gizarteko herritar aktibo gisa eta natura zaintzearekin eta garapen iraunkorrarekin arduratzen diren pertsona gisa. Beren buruaren jabe izango diren gazteak nahi ditugu.

Beraz, eta aurten Tolosan egingo den Kilometroak ospakizunaren bezperan, haur, nerabe, gazte eta guraso guztiak animatzen zaituztegu, egun zora- garriaz gozatzera, eta ikastolon jaia ospatzera. Aspaldi asmatu genuen leloa izanik ere, jai guztietarako balio duelako: Ondo pasa, pasa gabe!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo