GARA > Idatzia > Kultura

XVI-XVIII. mendeen artekoak izan litezkeen aztarnak aurkitu dituzte Galarra meatze-koban

Arrasateko Galarra meatzean ikerketak egiten ari dira, iaz lau gazte bertan galdu, eta ordura arte aurkitu gabeko galeriak topatu zituztenetik. Oraindik data zehatza ematerik ez badute ere, aurkitutako oinatz eta markak XVI-XVIII. mende artekoak edo zaharragoak direla uste dute.

p048_f02.jpg

N. BELASTEGI | DONOSTIA

Arrasateko Galarra meatze-koban egindako lehendabiziko ikerketen emaitzen berri izan genuen atzo Donostiako Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan. Arrasate Zientzia Elkartearen gidaritzapean, arkeologo eta espeleologoek oinatz eta hatz markak, paretan margotutako gurutzeak, burdina ateratzeko otarren arrastoak eta ura garraiatzeko bi pitxer aurkitu dituzte. Materia organikoa ere topatu dute, eta horren ikerketa amaitzen dutenean aztarnak zein garaikoak diren zehatzago jakin ahal izango dute. Oraingoz, XVI-XVIII. mendeen artekoak direla uste dute, Itxaso Eguizabal proiektuaren zuzendariaren esanetan, antzinagokoak izan daitezkeen susmoa badute ere. «Burdinaren ustiapenarekin lotutako agiri zaharragoak dauzkagu». Esate baterako, XV. mendean arrasatearren bi heren altzairuaren merkataritzatik bizi ziren eta bi kofradia sortu ziren herrian, meatzariena eta olagizonena.

Topatutako aztarnen arabera, badakite emakume eta haurrek ere lana egiten zutela bertan, tamaina txikiko oinatzak daudelako. Badakite ere pikatxoiaz ateratzen zutela materiala paretatik, horietako bat agertu delako, bai eta ura eramateko pitxerrak erabiltzen zituztela, horietako bi aurkitu dituztelako (segur aski haur eta emakumeek urketari lanak egiten zituzten). Hala eta guztiz ere, aurkikuntzarik deigarriena paretan markatutako gurutzeak dira. «Kobazuloa sakralizatzeko egiten zituztela dirudi, baina oraindik ez dugu ondoriorik atera. Ez zen ohikoa hori egitea», aipatu zuen Eguizabalek.

Burdinari lotutako herria

Honakoa Gipuzkoako Aldundiak sustatutako 25 proiektu arkeologikoetako bat da. Horietatik zazpik burdinaren ustiapenarekin lotura dute. Duela 2.200 urte hasi zen Gipuzkoan metal hori ustiatzen, eta oraingo industriarik indartsuenak ere berau dute lehengai. Burdin-industriarekin zerikusia izan duen herri bakar bat aukeratzekotan, Arrasate da inportanteena. Bertako alkate Inazio Akarragaurizarrek esan bezala, «sarrailagileak izan gara; gure burdinarekin Toledoko ezpatak egiten zituzten. Ezin dugu gure meatze iragana ahaztu».

Izan ere, Arrasateko altzairua marka propio bilakatu zen eta esportazioetan oso indartsua izan zen, XX. mendean gainbehera iritsi zen arte. Armak egiteko oso burdin egokia omen zen materialak zuen karbono kantitateagatik.

Galarra (edo San Valerio) koban egindako indusketak duela gutxi hasi ziren, 2012ko abenduan Ibai, Ander, Andi eta Ramon izeneko espeleologiazale gazteak meatzean galdu ostean. Euren abenturan, ikertutako lau kilometroko galeria sare bat aurkitu zuten eta Arrasate Zientzia Elkarteak proiektuari ekin zion. Egun, galeriak itxita daude aztarnategiak babesteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo