Maritxu Kajoi, eskapularioa moztuta baina gogotsu Arrasaten
Txikiteroen zaindariaren eguna ospatzen dute gaur Arrasaten, Maritxu Kajoi jai dotore eta umoretsua. Egitarautik bertatik hasten dira Komisiokoak zirikatzen, benetako ekintzak eta benetakoak ez direnak nahasiz. Traje eta soinekoekin batera bestazaleek janzten dituzten eskapularioei erreparatzen badiegu, ohartuko gara puska bat falta dutela. Atzealdean, gainera, aizturrak dituzte, jolasteko ebakigarrien antzeko irudi bat, krisi egoera islatu eta kritika egiteko.
Maider IANTZI | ARRASATE
Berritasunekin dator gaur Maritxu Kajoi Arrasatera, adibidez haur eta gaztetxoei leku gehiago eginez. 18.00etan Irrien Lagunekin «Ane eta Piratekin parrandan» ikuskizunaz gozatuko dute txikiek Seber Altube plazan (euria eginez gero, Biterin). Ordu berean, gaztetxoak «Niri bost» lehiaketan, galdera-erantzun labur eta proben txapelketan ibiliko dira kalean barna, Gaztegunetik abiatuta. Eguraldi txarra bada, Gaztegune barruan geldituko dira.
Beste nobedade bat denak janztera animatu nahi dituzten eskapularioa bera da, lehendabiziko aldiz moztua murrizketak direla-eta. Komisiokoek ez dakite krisi egoera honengatik den edo jendea jaiaren jatorrizko izaerara itzultzen ari delako, ala biak batera, baina kontua da ez dela garai batean adina soineko eta traje erosten. Berriki, truke azoka bat ere egin dute maritxuei begira.
Kapikua opari, osagarri eta moda dendako Inmak aitortu du «txikia, oso txikia» izan dela salmenta. Atzo, elkarrizketa egin genuenean, denda erdi hutsik zuten. Aldiz, aurreko urteetan Maritxu bezperan bete-beteta egoten zen. «Gauzak berrerabiltzera ohitzen ari da jendea, eta oso ondo dago hori. Prezio baxuak ere bilatzen ditu». Soineko hagitz erromantikoak ekarri dituzte Kapikuara, maritxuetarako aproposak, baina herritarrek armairuan dutena ateratzeko hautua egin dute. «Ile-apaindegira ere ez dira lehen bezala joaten, euren artean oso ondo moldatzen dira gazteak». Denda txikien salmenta urrietan eragin duen beste faktore bat, Inmaren esanetan, erosleek saltoki handietara jotzea da. Kontatu duenez, lehen, denboraldi berriari ekiteko eta bultzada ematen laguntzeko egun ona izaten zuten Maritxu Kajoi. Kapikuan, hala ere, ez dute arropa bereziki jai honetarako ekartzen eta horregatik, ez dute halako arriskurik hartzen ere. Dendariak aipatu duen beste kontu bat da haurrak gero eta lehenago hasten direla dotore janzten. Ama ugari etorri zaizkio alabekin, baina gazteegiak ziren hauek helduen soinekoak janzteko.
Altube plaza berreskuratu
Maritxu Kajoi Komisioko ordezkariek adierazi dute bi gunetan banatuko dela jaia, herriko plazan eta aurten berreskuratu duten Altube plazan. Bertan, dantzaldia izango da Kaixorekin.
Herriko plazan, berriz, egun osoan bilduko dira kuadrillak txikiteroen zaindariari lore eskaintza egiteko: «Urteko txikituak eskertu, krisixek txikiteue ez zapuzteko eta datorren urtien danok egon gaittezen eskaketako». Hori... edo bakoitzak nahi duen eskaintza.
Gaur goizean goiz hasiko da jaia, 8.00etan Barack Obama Bake Nobel saridunak botako du «etxaflerua». Geroago, Francisco aita santuak eta Bergarako 200 mojek hasiera emango diete ofizialki bestei Ostarkutik abiatuta, eta prozesioa eginen dute Arantzazura Mondrako jokalarien alde.
Parranda eta kirola ez dira lagun onak, baina maritxuetan ederki adiskidetu dira: «Forman jarri eta gabeko txikiteue eutsi ahal izateko kirol saio xumea» antolatu dute. 270 kilometroko «ultra-maratoi-triatloia», bost buelta Anboto zeharkatuz eta gero Ziorlako zubitik errekara salto, igeri Debaraino. «Kontuz depuradoraz», ohartarazi dute.
Bazkaldu eta arratsaldean, kiliki eta erraldoi txiki eta ertainak ibiliko dira besta zabaltzen, Oria txaranga beteranoaren doinuak adituko dira herri plazan eta inguruetan, dantzaldiak izango dira bi plazetan... Eta ordu txikietan, 2.30ean, «Oñatiko hamabost lehengusu-lehengusina autobusez etortzea aurreikusten da. Oraindik ligatu ez baduzu, agian hau da zure aukera», animatu dute.
Txantxa kutsuko egitarau honetan, bereziki Aretxabaleta eta Oñati izaten dira arrasatearren ziztaden jomuga.
Komisioko kideek jakinarazi dutenez, azken urteotan gora egin du botiloia egiteko ohiturak gazteen artean; eurek, ordea, txikiteoa bultzatzen dute. Ongi pasatzeko eta errespetu osoz ibiltzeko deialdia ere egin diote jendeari.
Bukatzeko, azken berrikuntza bat: eguneko argazkien lehiaketa. maritxuzaliak@gmail.com helbidera bidalitako irudi sortarik ederrenak saria jasoko du. Eta ez dugu ahantzi Maritxu mirariak egiten abila dela. Gaur 20.00etatik aurrera gertatuko da miraria eta streaming bidez zuzenean emango dute. «Ez gaz danok» lema dute Komisioan eta horri jarraituz, euskal preso politikoak eta errepresaliatuak etxera ekartzeko eskatuko diote zaindariari.
Debagoiena aldeko zaindari bestazalea abila da mirariak egiten, eta gaur 20.00etatik aitzinera adi-adi izango dira denak ikusteko. «Streaming» bidez ere zabalduko dute zuzenean.
Herriko dendetan soineko eta traje gutxi saldu dituzte aurreko urteekin alderatuta. Kapikua opari, osagarri eta moda dendan azaldu dutenez, jendea gauzak berrerabiltzera ohitzen ari da.
Maritxu Kajoi ospakizunerako atzera kontaketa hasten den eguna izaten da Nobenaixue, herritarrek norbait omentzeko baliatzen dutena. Aurten Patxi Gorosabelen txanda izan da. Errugbi taldearen sustatzailea 30 urte baino gehiagotan eta 40 ingurutan Olentzeroren gidaria. Urtero ekarri du ikazkin maitatua traktorean, eta sarri ezkutuan gelditzen den borondatezko lan horregatik zoriondu dute. Irailaren 27an, Gorosabelek pozarren hartu zuen arrasatearren berotasuna. Goiena.net-en jasotzen denez, jendetza elkartu zen ardoarekin eta gaztarekin goxatutako hitzorduan. Olentzeroren gidariari Nobenaixuen inbutu preziatua eman zioten, eta berak zerbitzatu zituen lehendabiziko ardoak.
Omenaldiekin segituz, aurki hasiko den makroepaiketa dela-eta «herriko tabernei» bultzada eman nahi izan diete Maritxu Kajoi Komisiokoek, baita astelehenean atxilotu zituzten Ekain Zubizarreta arrasatearrari eta Herrirako beste hamazazpi kideei ere. Bertsotan atera zaie esker ona. Hona Ekaini eskainitakoa: «Hainbat urtean Komisiñoko zirikatzaile izana/ langile fina ta bizipoza edonora daramana/ Maritxu Kajoik mirarigintzan aspalditik dauka fama/ ostiralera ezin itxoin ta aurreratu zaio lana/ gure muxuak ta besarkadak heldu daitezen zugana!». M. I.