Abusuzko klausulen inguruko hogei epaiketa egingo dira Gipuzkoan
Datozen sei asteetan beren hipoteka kontratuetan abusuzko klausulak aplikatu dizkietela salatu duten 21 lagunen ahozko bistak egingo dira Gipuzkoako epaitegietan. Kaltetuek klausulak legez kanpokotzat jotzea eskatzen dute, bestela kaleratuak izateko arriskuan baitaude.
Iraia OIARZABAL | DONOSTIA
Gaurtik urriaren amaierara bitartean, hipoteketako abusuzko klausulen inguruko 21 ahozko saio egingo dira Gipuzkoako epaitegietan. Kasu horietan kaltetuetako lagunek, Stop Kaleratzeak plataformako kideekin batera, agerraldia egin zuten atzo Donostiako epaitegien aurrean, etxea galtzeko arriskuan daudela jakinarazteko eta abusuzko klausulak bertan behera geldi daitezela eskatzeko.
Xabi Soto eta Igone Aldaregia Stop Kaleratzeak elkarteko ordezkariek azaldu zutenez, epaiketa horietan desjabetze prozesuak gelditzea espero dute. Guztietatik 12 kontratu Kutxabankekin sinatutakoak dira; hiru, Laboral Kutxarekin; beste hiru, Banco Santanderrekin; bi, La Caixarekin; eta bana BBVA eta Banco Popularrekin.
Sotok azaldu zuenez, Stop Kaleratzeak eta PAH plataformek abusuzko klausulak salatzeko hilabeteko epea ilegala zela salatu zuten arren, larrialdietarako kit bat prestatu zuten prozedura hipotekario bat irekia zuten pertsonek epaitegietan jarduteko aukera izan zezaten, eta horren arabera gauzatuko dira datozen asteetan ahozko saioak.
Hiru kaleratze saialdi
Donostiako auzitegian egingo da gaur lehenengo saioa, Lorena Benitez Errenteriako gaztearena. Kaltetuak azaldu zuenez, Kutxabankekin dauka sinatuta babes ofizialeko etxebizitza baten hipoteka kontratua eta azken urtean hiru aldiz saiatu dira bertatik kaleratzen. Gainera, Kutxabankek etxebizitzaren titulartasuna esleitu du.
Egoera horren aurrean, hipoteka kontratuak abusuzko klausulez beteta daudela ohartarazi zuen Sotok, horien artean, berandutze-interesak, interes jaitsierari gehienezko muga jartzen dion zoru klausula edo erantzukizun unibertsala, zeinak oraingo eta etorkizuneko ondareekin ordaintzera behartzen dituen bezeroak. Horrez gain, desagertu den arren, oraindik ere aplikatzen den IRPH indizea ere gehiegikeriatzat jo zuen eta neurri horiek 21 familia arriskuan jartzen dituztela nabarmendu zuen.
Ostera, berriki Madrilgo epaitegi batek egin duen bezala, ahozko saioetan klausula horiek guztiak legez kanpokotzat jotzea espero dutela aitortu zuen Kaleratzeak Stop elkarteko bozeramaleak, nahiz eta, oraindik, Auzitegi Konstituzionalak ez duen abusuzko klausulen inguruan aurkeztutako helegiteari buruzko ebazpena eman.