GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Frantzisko Asiskoa

Pello ZABALA |  Eguraldian aditua

Asisen jaioa duela 8 mende pasa. Halaxe, Pedro Bernardone ehun saltzailearen semea. Aski estimatua, duela 800 urte, 32 urteko gaztea genuen, Umbriako herrietan barna, sorkari guztiak anai-arreba zituelako, behartsuei laguntzen zebilena. Atzoko egunez, duela 787 urte hil zen, arreba Lurraren gainean larrugorri luze etzanda, arreba Heriotzari gorazarre eginez. Gizaki denentzat eta naturako izaki guztiekin kantuan bizitzen asmatu zuen gizaseme pobrea eta beharrean ohitua: 45 urte gaztetan ahitu eta zahartua.

Asisen izango da orain beste Frantzisko Erromako Gotzaina. Goizeko zortzietarako, Asisko Institutu Serafikoan ahalmen urriko umeengana du bere lehen bisita. 9.00etan San Damian elizara doa, segidan artzapezpikuaren etxean Caritasek jasotzen dituen behartsuekin solastatzeko. 11.00etan, Frantziskoren Basilika aurreko enparantza zabalean du meza.

13.00etan, tren geltoki inguruko Caritasek jasotako behartsuenen mahaian bazkalduko du.

Ondoren, Asisko gure Ttikiak maite zuen basoaldeko Carceri eta beste bisitatuko ditu. Arratsalde erdirako, San Rufino katedralean bilduko da Asisko apaiz eta beste kontsagratuekin.

Hurrena, Santa Klararen Basilika, eta gero San Frantziskoren gune maitatuenera arrimatuko da: Aingeruen Santa Maria elizako Portziunkula ttikia bisitatzera, handik irtetean, gazteekiko asanbladatxoarekin eguna biribiltzeko. Hara, Frantzisko Asisen gaur, eguna tope-topean bizitzen.

Udazken sartuberriko sasoi hau beti izan da, giroaren eta uztaren martxarekin lotzen erraza. Euskaldunok lihoaren garaiko esaeratxoa daukagu Asiskoari lotua: «Aita San Frantzisko, liñoa orri biko».

Askoz iturri irekiagoa gorde izan dute Gaztela aldeko laborarien artean:

- «La otoñada más segura, San Francisco la inaugura».

Baina bada beste konturik dakarrenik, eta famatua bilakatu da gure Aitaren kordoi zuriaren kazkarrekoa.

- «El cordonazo de San Francisco, por tierra y por mar se ha de notar». Sasoi honetan bai baitaki giroak bere ostikotxorik ematen ere.

Uztaren gustu onaren akordurik ere bada: sasoi honetako piku gozoekin, hainbat sagar genero ahogozodunekin, nor ez akordatu:

- «Por San Francisco no hay fruto que no sea rico».

Eta hazia ereitearekin goiz tematu direnak ere badira:

- «A sembrar por San Francisco, aunque sea en un risco».

Eguna laburtzen doana erreparatu duenik ere bada: «San Francisco trae la vela y San José se la lleva». Noski, farola eta argizaria piztu behar zireneko arrats ilunetaz akordatu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo