GARA > Idatzia > Kultura

Txileko kaleko arteak aztarnak utzi ditu Biarritzen jaialdiari esker

Nelson Rivas «Cekis» astebetean egon da Biarritzen Kasinoko horma batean obra monumentala egiten. Latinoamerikako Zinema eta Kulturen Jaialdian Txile goraipatu dute, eta margolariekin elkartzeko aukera izan du publikoak. Jaialdiko sariak bihar arratsean banatuko dira Gare du Midi aretoan. Film luzeen, dokumetalen eta film laburren sail bakoitzean hamar bat lanen artean hautatu beharko du epaimahaiak. Igandean irabazleen lanak proiektatuko dira.

p049_f01_149x93.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Biarritzeko Latinoamerikako festibala bukatzear dago. Bihar, lehiaketarako sailkatuak izan diren filmen artean sari nagusiak eskuratu dituzten dokumentalen, film luzeen eta laburren izenak zabalduko dira.

Baina, ekintza nagusi horretatik at, jaialdiko antolatzaileek aurten Txile goraipatzea erabaki zuten, eta, horren karietara, street art (kaleko artea) arloko artistak eta horien lanak ezagutzeko aukera izan zen. Asteazkenean, Nelson Rivas Cekisekin eta Inti Castrorekin topaketa egin zen, eta, bi artistek Txilen arte horrek izandako bilakaera azaltzeko aukera izan zuten.

Mexikoko 1920ko eta 1930eko urteen artean garatutako hormetako artearen ondorioz sortu zen, hain zuzen, paretak margotzeko ohitura Txilen.

David Alfaro Siquierosek, Mexikoko hormetako artearen artista esanguratsuenak, Txilen egindako egonaldiaren ondotik piztu zen gaur arte, etengabe, garatzen aritu den arte mota hori. Mexikoko teknika akrilikoa eta, ondoren, New Yorken zabaldu zen grafitiaren teknika biltzen ditu, hain zuzen, Txileko muralen estiloak.

60ko hamarkadan, Txileko hormetako artea propaganda politiko moduan erabiltzen bazen ere, denborarekin, hiriguneei bizitasuna emateko baliatzen aritu dira artistak.

Txileko street art-ek nazioartean arrakasta handia izan du azken urteotan, eta, horren lekuko dira Biarritzera hurbildu diren Cekis eta Inti artistak.

Cekis duela hogei urte hasi zen hormetan pintatzen, eta, gaur egun, New Yorken bizi da. «Hamabost urte nituela politikari loturiko mural asko ikusten nituen kaleetan eta horrek asko markatu ninduen. Grafitia Txilera iritsi zelarik, berriz, pintatzeko era berri hori gustatu zitzaidan eta horretan hasi nintzen», zehaztu zuen Cekisek. Cekis eta Inti artista izateko helburu gabe hasi ziren pintatzen, baina, denborarekin, biek, berezko teknika eta estiloa garatu dute.

Munduan zehar

Inti Castro, esate baterako, Osloko, Istanbuleko edo Pariseko eraikinetako hormetan eginak ditu bere obrak. Azkenekoa, 47 metroko altuerakoa, Pariseko horma batean egin zuen. Eragin ezberdinak badituzte ere, «adierazpen publikoa» hormetan finkatzeko xedearekin ari dira lanean biak.

«Lana egiten dudalarik, bertan bizi direnak ordezkatuak sentitzea nahi dut. Gainera, bertakoak obraz jabetzen dira», esan zuen Intik. Street Artak aztarnak utziko ditu ere Biarritzeko Kasinoan, Cekis astebete egon baita obra bat zuzenean egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo