GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eneko Villegasek eman die hasiera Atarrabiako jaiei

Herriraren kontrako sarekadan atxilotutako Eneko Villegas arduratu zen atzo Atarrabiako jaiei hasiera emateko txupinazoa jaurtitzeaz. Etxebeltza elkarteko zuzendaritza batzordeko kide ere bada Villegas, eta aurten euskara, kultura eta jai herrikoien alde 30 urte lanean eman dutelako omendu nahi izan dute herritarrek. Festen hasierako eguna ez ezik, atzokoa eskubide urraketen amaieraren lehen eguna izatea ere espero dutela aldarrikatu zuten udaletxeko balkoitik.

p023_f02_147x128.jpg

Martxelo DIAZ | ATARRABIA

Herriraren kontrako sarekadan atxilotu zuten Eneko Villegasek bota zuen atzo Atarrabiako udaletxeko balkoitik herriko jaiei hasiera ematen dien txupinazoa.

Etxebeltza elkarteko zuzendaritza batzordeko kide da Villegas, eta Atarrabiako zinegotziek eta kolektiboek hala erabakita, azken 30 urteotan euskara eta euskal kulturaren alde egin duen lana eskertzeko modua izan da suziria pizteko ohorea elkarteari eskaintzea.

Atzokoa jaietako lehen eguna zela eta eskubide urraketarik gabeko aro bateko lehen eguna izatea ere espero duela aldarrikatu zuen Villegasek udaletxeko balkoitik, Etxebeltza elkarteko zuzendaritza batzordeko beste kideekin batera.

Horrekin batera, Atarrabiako biztanleei eskerrak eman zizkieten txupinazoa botatzeko ohorea izateagatik eta modu honetan Etxebeltzak hiru hamarkada hauetan egin duen lana omentzeagatik. Elkarte honek jai herrikoiak antolatzearen alde egindako esfortzua ere txalotu zuten.

Atarrabiako Kale Nagusian ere, udaletxeko balkoiaren azpian, Herriraren aldeko oihuak zabaldu ziren. Globo urdinak ere ageri ziren presoen eskubideak defendatzeko aldarriarekin bat eginez. Horiekin batera, presoen herriratzea eskatzen duten banderolak, ikurrinak eta arrano beltzak ere ikusi ahal izan ziren Iruñerriko herri honen festen hasieran.

Festa bereziak izan ohi dira Atarrabiakoak. Udazkenean sartuta ospatzen dira, ikasturtea hasia dela. Hori dela-eta, uda luzearen ondoren oraindik jaietarako gogoa duten guztientzat bilgune aproposa izaten da herria. Gainera, Iruñerrian denboraldiko azken festak dira. Beste modu batean esanda, Atarrabiako jaiak amaitu eta gero, datorren urtera arte itxaron beharra dago festa kontuetarako. Eta negua hotza izan ohi da.

Berantiarrak izateaz gain, luzeak ere badira Atarrabiako festak. Atzo hasi eta hilaren 13a arte ez dira bukatuko. Hau da, datorren asteko igandea iritsi arte jai giroa nagusi izango da herrian. Atzo egun handienetako izan zuten, baina gaurkoa ere ez da makala izango. Dianekin hasiko da eguna, 09.00etan. 11.30ean txirrindulari lasterketa izango da, irteera eta helmuga Fermin Tirapu kalean jarrita.

12.30ean erraldoien eta kilikien konpartsa, gaiteroak, txistulariak eta txaranga aterako dira Udaletxetik herriko bazterrak alaitzeko asmoarekin. 17.30ean Miguel Indurain plazan jota jaialdia izango da Raices Navarras taldearen eskutik (euria egiten badu Kultur Etxeko antzokian egingo dute). 18.00etan, kilikien konpartsa eta txaranga kalejiran abiatuko dira udaletxetik, Aita Murillo, Larrainak, Karrobide, Petri Atarrabiako, Ultzama, Nafarroako Gorteak, Kaskalleta, Larrainak, Ricardo Bel eta Oianpea kaleetan barrena, Kale Nagusira heldu arte.

19.00etan pilota partidak izango dira Atarrabia pilotalekuan, eta ordu berean dantzaldia hasiko da Udaletxeko Plazan, txistulari eta gaiteroekin. 20.00etan, dantzaldia hasiko da Caiman Show taldearekin 23.00ak arte, eta 20.15ean zezensuzkoa ibiliko da Kale Nagusian.

Esan bezala, Atarrabiako jaiak ez dira asteburuarekin amaitzen, eta aste barruan ere ekitaldi ugari izango dira. Biharko, adibidez, gazteek jinkana prestatu dute 23.00etan, herriko gazteak elkartzeko helburuarekin. Eta beste egunetarako ere egitarau itzela prestatu dute bai Udalak eta bai gazteek.

Hori bai, aste barruan atsedena hartuko dute egun batean. Iruñerriko beste herrietakook inoiz ez dugu jakiten noiz den, eta gertatu izan da Atarrabiara joan, eta ezer ez dagoela ikustea. Asteazkena da inolako ekitaldi antolaturik ez den eguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo