GARA > Idatzia > Kultura

GAZTE LITERATURA

Zen ipuina

p054_f01_52x65.jpg

Asun AGIRIANO

Mugaldeko irakurketa dugu hau, Mariasun Landak “Behinola” aldizkariko 27. zenbakian dioen bezala, kontzeptu, errealitate lanbrotsu eta zehaztugabea. Askotan, orrialdeotara ekarri ditugu gazte-helduentzat izan daitezkeen kontakizunak, adibidez, Nancy Hustonen “Ultramorea” edo Iban Zalduaren “Azken garaipena” komikia.

Zuhaitzak landatzen zituen gizona muga horretan kokatzen da, eta, zentzu horretan, irakurle gazteak ez du eragozpenik izango kontakizuna jarraitu eta ulertzeko. Testua laburra da, egituraren aldetik konplexutasunik gabekoa, eta gaia ere ezaguna eta gertukoa: lurra zaintzearen aldeko mezu zuzena adierazten du. Izan ere, 1953. urtean idatzi eta hizkuntza askotara itzulia izan den ipuin hau ekologiaren klasikoa bihurtu da, eta adinik ez duela esan daiteke. Luzaroan iraun dezake zuhaitzak landatzen bizitza osoa eman zuen gizon xumearen istorioa; gizarteak natura suntsitzen duen bitartean bai behintzat.

Artzain protagonistaren antzera, narrazio zintzoa, tolesdurarik gabekoa, harmoniaren aldeko metafora soil eta isila dugu. Alegia bat ere izan zitekeen edo eredu izateko idatzia, ezen, funtsean, naturari egiten zaion laudorio garbia baita.

Liburuak hausnarketarako bidea ematen du, adierazten baitigu pertsonek eta animaliek natura zaindu eta babestu beharra dugula, eta landare eta zuhaitzekin aberasten dugula. Oinarrian, liburu honek errespetuaren aldeko mezua luzatzen digu. Orain dela 60 urte idatzita egon arren, denborak ez du istorioa zaharkitu, kontrakoa baizik, gaztetu egin duela esango genuke; horregatik ere adin mugarik gabe irakurtzeko aproposa da.

Mikel Mendibilen ilustrazio bikainak, zuri-beltza eta kolorea urri, apenas berde printzak. Adi jarraituko diogu margolari honi bere hurrengo lanetan ere. Edizio oso zaindua, finean, gozamenerako liburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo