Laguntza gehiago Ipar Euskal Herriko funtzionarioak euskara ikastera bultzatzeko
CNFPT lurralde funtzionarioen egiturak, Euskararen Erakunde Publikoak eta 17 tokiko instituzio eta elkargok hitzarmena sinatu dute, Itsasun, langile publikoei euskara ikastaroak eskaintzeko. Oraingoz, ekimen esperimentala izango da eta AEK arduratuko da ikastaroez.
Gorka ALBISTUR | ITSASU
Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta CNFPT egiturak (Lurralde Funtzio Publikoko Zentro Nazionala) euskararen aldeko hitzarmena izenpetu dute Itsasun. Lan hitzarmen horren bidez, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan arlo publikoan ari diren langileentzat beraien eginkizunetara egokituriko euskara ikastaroak eskainiko dituzte.
Langileen etengabeko formakuntzaz arduratzen den CNFPTrekin eta EEPrekin batera, hamazazpi tokiko erakunde ere (herri-elkargo, herriko etxe, partzuergo...) engaiatu dira ahalegin horretan, eta diruz lagunduko dituzte ikastaroak. Orotara, 30.000 euro bideratu dituzte, eta horietatik bi heren EEPk hartuko ditu bere gain, eta CNFPTk, berriz, beste herena.
Lurralde langileak euskaraz formatzea xede duen ekimena esperimentala izango da oraingoz. Ikastaroak lanorduetan egingo dira, Maule, Hazparne eta Donibane Lohizunen, euskararen ezagutza mailaren eta lanpostuaren arabera, hiru taldetan banatuta. Astean hiru orduko ikastaroak izango dira eta astebeteko ikastaro trinkoa ere aurreikusi dute. Ikastaldiaren iraupena urtebete eta sei urte artekoa izan daiteke eta AEK arduratuko da irakaskuntzaz.
Euskararen balioa
Frantxua Maitia EEPko lehendakariak bere poza agertu du, «CNFPTrekin aspaldian lantzen aritu garen elkarlana azkenean gauzatu» delako. Haren esanetan, «euskaraz jakitea betebehar profesionala da» funtzionario horientzat. Gainera, «beren profil profesionala aberastea» ere ahalbidetuko diela esan du.
«Hitzarmenak trebakuntza profesionalerako euskara ikasteak duen balioa aitortzen» duela nabarmenduta, formakuntza eskaerak lekuko instituzioetatik bertatik eratorritakoak direla gaineratu du Maitiak.
Funtzionarioek euskara ikasteko diru laguntzak Euskararen Erakunde Publikoak eta tokiko erakundeek soilik ematen zituzten orain arte. Hitzarmenari esker, etengabeko formakuntzaz arduratzen den CNFPTk ere ekarpena egingo du.