Manifestazioa deitu dute Azpeitian, eredu ekonomiko berri baten alde
Egungo egoera ekonomikoak sortu duen kezka plazaratu eta eredu ekonomiko berri baten aldeko aldarria egiteko, Azpeitiko hainbat eragilek manifestazioa deitu dute azaroaren 9rako, larunbata, «Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat» leloarekin.
GARA | AZPEITIA
Azpeitiko hainbat eragile sozial eta ekonomikok bat egin dute, Elkar-ekin taldeak gonbidatuta, «herri mailan alternatiba berriak eta solidarioak eraikitzen joateko», eta horrekin batera, «herritarren artean hain orokortua dagoen kezka kalean erakusteko».
Atxikimendu gehiagoren bila, «Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat» izenburua daraman manifestua plazaratu dute. Bertan azaltzen den bezala, «pertsona asko momentu zailak bizitzen ari gara Azpeitian. Ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak diren honetan gero eta gehiago dira langabeziara, prekarietatera, etxea galtzera eta bazterketara kondenaturik gaudenak».
Hala ere, arazoa ez dela herritar zehatz batzuena nabarmentzen da: «Arazoa kolektiboa da, eta soluzioak ere kolektiboa behar du izan».
Era berean, beren iritziz erabat ulergaitza da «gizartearen gero eta zati handiagoa txirotasunean bizi den bitartean, botere ekonomikoa maneiatzen duten politikari, enpresari handi eta banketxeetako nagusiek sekulako dirutzak irabazten jarraitzea».
Egoera horren aurrean, behar-beharrezkotzat jotzen du manifestuak eredu ekonomiko berri baten sorrera, «justua, solidarioa eta jendea ondo bizitzeko pentsatua dagoena».
Bide horretan, manifestuak hainbat puntu zehazten ditu. Lehenik eta behin, ekonomia herritarren beharren neurrira antolatzea proposatzen du, «ez gutxi batzuen interes ekonomikoen neurrira».
Bigarrenik, prekarietate egoerei, kaleratzeei, desjabetzeei, murrizketei eta mota guztietako eskubide urraketei amaiera emateko eskatzen die erakunde, banketxe eta enpresari handiei.
Hirugarrenik, erakunde publikoei herritarren eskubide sozialak bermatzeko neurriak hartzeko exijitzen die, «bereziki, muturreko egoerak bizi dituzten herritarrei irtenbide justuak eta duinak berehala eskainiz».
Eta azkenik, behar-beharrezkotzat jotzen du «bai Azpeitian, bai Euskal Herrian, tresna propioak eskuratzea ekonomia herritarren beharren arabera antolatzeko. Erabakitzeko ahalmena herritarrok izatea beharrezkoa dela uste dugu», dio manifestuak.
Azaroaren 9ko mobilizazioa 18.30ean izango da, Azpeitiko plazatik abiatuta. Ondoren, 23.00etan, Sanagustin kulturgunean kontzertua emango dute Lin Ton Taun eta Malder taldeek.