Biarrizko jaialdiaren Abrazo saria «Workers» filmak irabazi du
Mexikoko Jose Luis Valle zinemagilearen lehenengo filma da «Workers». Epaimahaiak lanaren berezitasuna goraipatu zuen atzoko sari banaketa zeremonian Abrazo saria ematerakoan. Dokumentalen sailean «El impenetrable» lana izan zen garaile, eta film laburretan, berriz, «El solecito» lanari eman zioten Abrazo saria. Gaur bukatuko da jaialdia.Ainize BUTRON | BIARRITZ
Biarrizko Latinoamerikako Zinemaren eta Kulturaren jaialdiaren azken gaualdia izan zen atzo, Gare du Midi aretoan, arratseko zortzietatik goiti egin zen sari banaketa zeremoniarekin. Epaimahaikideek banan-banan azaldu zituzten saritu zituzten film luze, dokumental eta film laburren izenak, ordubete eta erdi iraun zuen ekitaldian.
Jaialdiaren sari nagusia, Abrazo saria, Jose Luis Valle zinemagile Mexikarrak jaso zuen film luzeen sailean, «Workers» bere lehenengo lanarekin. Rafael eta Lidia bi langileren bizia kontatzen duen film horren «umorea» eta «irudiak» goraipatu zituen epaimahaiak sari nagusia zinemagileari ematerakoan.
Betiere film luzeen sailean, emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen «Los insólitos peces gato» film mexikarreko Lisa Owen antzezle nagusiak; eta gizonezko aktore onenaren saria, berriz, «La Paz» pelikulako Lisandro Rodriguezi eman zioten.
Dokumentalen sailari dagokienez, Daniele Incalcaterrak eta Fausta Quattrinik zuzendutako «El impenetrable» lanak eskuratu zuen Abrazo saria. Paraguaiko lurren jabetzari buruzko gogoeta bat azaltzen duen dokumental horrekin batera, Florence Delay idazlea buru zuen epaimahaiak aipamen berezia egin zion Kubako Daniel Kvitkoren «Madera» dokumentalari.
Azkenik, film labur onenaren Abrazo saria Kolonbiako Oscar Ruiz Navia zinemagile gazteak eskuratu zuen, «Solecito» lanagatik.
Eta sail horretan banatzen den bigarren saria, berriz, Karla Castañeda mexikarrak landuriko «La noria» animaziozko pelikulari eman zion epaimahaiak.
Ikusleen hautua
Epaimahaikideak ez ziren izan pelikula hoberenak sailkatzen aritu ziren bakarrak. Aste osoan Biarrizko zinema aretoetara lanok ikustera hurbildu diren zinemazaleek ere iritzia emateko aukera izan zuten.
Ikusleak ez ziren bat etorri epaimahaikideekin, publikoaren saria Paraguaiko Juan Carlos Maneglia eta Tana Schembori zinemagileen «7 Cajas» filmari eman baitzioten. Eta dokumentalen atalean, berriz, Alexis Roitman argentinarrak egindako «Ensayo de una Nación» lehenengo lanari eman zioten saria.
Urtero moduan, Gare du Midi aretoa jendez bete zen atzoko gaualdiaz gozatzeko. Ikusleen txaloen eta zinemagileen pozaren artean, bederatzi eta erdiak arte iraun zuen sari-banaketa ekitaldiak. Ondotik, Luc Jacquet zinemagile frantziarraren azkeneko filma, «Il était une Forêt» (Bazen oihan bat), proiektatu zuten aretoan.
Gaur, egun osoan zehar, animazioak izango dira jaialdiaren eremuan.
Abrazo saria eskuratu duten film guztiak Gare du Midi aretoan emango dituzte gaur, goizeko hamarretatik arratseko zortziak arte.