Santurtziko XXXIV. Antzerki Jaialdiak kale ikuskizunak berreskuratuko ditu aurten
GARA | BILBO
Santurtziko Antzerki Jaialdiak kale antzerkia berreskuratu du urriaren 25etik azaroaren 23ra bitartean ospatuko den 34. edizioan, eta horrela, kaleko lau ikuskizun eskainiko ditu, antolatzaileek prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Halaber, aretoko hamahiru antzezlan izango ditu, hauetako bi erabateko estreinaldiak: Adolfo Fernandezek zuzendu eta antzezten duen «Ejecución hipotecaria» eta Titzina Teatroa taldearen «Distancia siete minutos». Halaber, gainerako antzezlanetako asko estreinaldiak izango dira Euskal Herrian, hala nola «Antígona Siglo XXI» eta «La Tempestad».
Programazioaren barruan, antzezlanez gain, bi dantza ikuskizun ere izango dira: «Constelaciones», familia osoarentzat, Aracaladanza taldearena, eta Antonio Gades Fundazioaren «Rango» eta «Suite Flamenca». Eszenaratuenetarikoa izan den opera bat ere izango da («La Traviata»), eta euskarak bere tokia izango du «Hiru» antzezlanarekin.
Ikus-entzule gazteek «Maravillas» zirku-antzerkiko ikuskizunarekin gozatu ahal izango dute, eta «La casa flotante» ikuskizunak umeak mundu magiko batera eramango ditu, musika, txotxongiloak, antzezleak eta proiekzioak uztartuz.
Ohikoa denez, jaialdiak antzerkiaren munduan ezagunak diren hainbat lagun gonbidatu ditu, besteak beste, Rafael Alvarez El Brujo edota Amparo Larrañaga. Jaialdirako txartelen prezioak «oso neurrizkoak dira», ikuskizun guztietarako 110 euroko bonua dagoelarik.
Aurten, gainera, Gorakada antzerki taldeak azken 25 urteotako lanetan erabili dituen txotxongilo eta eszenografiak ikusgai jarriko ditu erakusketa batean.