KRONIKA | BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA
Entzuteak eta erantzuteak eman dio finalaurrekorako txartela Agin Labururi
Bertso kideari entzun eta erantzuteak eta saio osoan mantendutako erregulartasunak puntu zakukada eman zion Agin Labururi (699,5 puntu), Bilbora begira Markina-Xemeinen ospatutako Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan.
Ane ARRUTI
Saio berezia izan zen txapelketako bigarren kanporaketa. Berezia, gehiengoaren gogoa Bilbon zegoelako eta berezia azken orduko aldaketak ere izan zirelako. Eneko Abasolo Abarkas-ek bezperan jakin zuen txapelketan parte hartzeko aukera zuela, Arkaitz Estiballesek, Bilboko manifestaziora joatea erabakita, txapelketari uko egin ondoren. Bertsozale Elkarteak bereziki eskertu zion saio hasieran Abarkasi egindako ahalegina, baita bertaratutako 880 bertsozale ingururi ere, horietako asko Bertso Eskolen Eguna ospatuz, eguerditik jai giroan murgilduta zebiltzanak. «Batzuek Bilbon egon nahiko zenuketelako eta han dauden batzuk hemen egon nahiko luketelako», esan zuen Idoia Beitia aurkezleak. Eta hasierako agurretatik ekarri zuten Bilbo Markinara. «Hemen herri bat badago ez dutena ikusi nahi/ gaur Bilbon ikusiko da eta Markinan ere bai», kantatu zuen Jone Uriak.
Saio gorabeheratsua izan zen eta bukaeran puntutan alde handiak egon ziren. Agin Laburuk 699,5 puntu eskuratu zituen eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara, Jone Uriak 677, Onintza Enbeitak 623, Eneko Abasolok 599,5, Eneko Fernandezek 598 eta Beñat Ugartetxeak 577,5. Bigarren sailkatua, Uria, Villabonako kanporaketako guztien aurretik gelditu da horrela –654 puntu eskuratu zituen Jon Martinek–.
Ariketa guztietan aritu zen fin Laburu. Puntu erantzunean osatutako lehenengo bertsoa indartsu bota zuen: «Ezagutzen al duzu San Mames barria/ bilbotarrentzat degu ikaragarria/ dirua gobernuak propio jarria/ ez dakit nun daukagun batzutan neurria», kantatu zuen saioko gipuzkoar bakarrak.
Hamarreko txikian ere ofizio ederra osatu zuen Eneko Fernandezekin, bertso bakoitzean erantzun eta ideia berriak erantsiz. Ama hil berritan, bi anaiek hirugarren bat zutela jakin eta ezagutu nahi zuen Laburuk, Fernandezek ez. «Hirugarren anaia nahiz ta ez guk hauta/ zilbor hesteek tira ta bihotzek taupa/ bera ezagutzeak txarrik ba al dauka», galdetu zion Laburuk. «Anai berria dugu ze inen zaio tira/ ez badigu kontatu zerbaitengatik da», esan zion nafarrak.
Preso edo zahar etxean
«Orain arte maiz ikusten zenuten elkar. Aste bi dira zu ikustera etorri ez dela», izan zuten kartzelako gaia. Seitik hiruk, preso irudikatu zuten euren burua; Abarkasek, istripu baten ondoren, ospitaleko ohean; eta Enbeitak eta Uriak, zahar etxean. Iloba zuen faltan Enbeitak: «Hemen zer dago ba hiru saloi triste ta zazpi mahai/ egun guztiak berdinak ez astegun eta ez jai/ nahiz ilobaren bisitak jarriko ninduken alai/ saiatu nahi dut egoten bere esperoan lasai/ hau hain da leku tristea, hau oso tristea da bai/ hemen dagoenez hainbat heriotz eta hil usai/ ni ezin naiz joan eta berak ez du etorri nahi».
Algortarrak, berriz, seme-alaben zain, ederki josi zuen bigarren bertsoa: «Nik ulertzen dut beraiek ere ez direla oso gazte/ eta haurrekin badaukatela horrenbeste buruhauste/ baina honaino behin etortzeko ere ez al dira aske/ ene alaba, ene semea, ze nolako bi desastre/ larogeitamar urte beteta nahiz izan nahiko desgaste/ sekula ez zitzaizkidan egin horren luzeak bi aste». Saio osoan aritu zen seguru Uria, bertso bakoitza ongi bideratuz -entzuleek berarekin batera kantatu zituzten bukaera gehienak-. Laburuk ere kartzelakoan biribildu zuen arratsaldea, aitari kantatuz: «Urkullu zalia bera/ ni berriz beste aldera/ baino haserre hau pasa eta lasaitzen bada norbera/ abertzaliak izan baino lehen aita ta semia gera».
Aipatzekoa da Abarkasek atzo osatutako saioa. Zortziko txikian ofizio ederra eskaini zuten Ugartetxeak eta biek. «Tiropitxonean» ari ziren jaietan, bata bestea baino punteria hobeaz. «Zotz bateri jotzea ez da izaten errez/ nahiz eta nola egin adierazi aurrez/ hurrengoan joko duzu kasu egin mesedez/ ondo daukazun hankan apoiatu zaitez», esan zion Abarkasek. «Horretan saiatzen naiz ezin dizut uka/ baina zotzekin daukat kristoren burruka/ gainera kainoia ere ezin dut izkuta/nere hanka bezela dago okertuta», Ugartetxeak.