GARA > Idatzia > Ekonomia

Igandeko lanaren alde zenbait saltoki handik bultzaturiko kanpaina salatu du LABek

Azken asteotan Estatu frantsesean igandeetan lan egitearen alde Castorama edo Leroy-Merlin bezalako saltoki handiek piztutako iskanbilaren harira, LAB sindikatuak «jokamolde horiek salatu» ditu.

p029_f03.jpg

A. MANTEROLA | BAIONA

Leroy-Merlin eta Castorama brikolaje material eta tresneriaren saltoki handiak dira «Yes week-end» (Bai asteburutan) lelopeko kanpainan gehien nabarmendu direnak. Orain arte, batez ere Paris eskualdeko saltokietan, igande eta jaiegunetan irekitzeko salbuespenezko baimena zuten. Sektore horretako Bricorama enpresak auzitara jo zuen «bereizkeria» argudiatuta. Hala, irailaren 26an epaitegiak igandean saltokiak irekitzea debekatu zien.

Merkataritza Auzitegiko erabakiari helegitea jartzeaz gain, bi saltokiek epaitegiko agindua ez betetzeko jarrera hartu dute. Arautegiaren nahaste-borrastea baliatuz, baimen bereziak lortu eta saltokiak ireki dituzte azken bi asteburuotan.

Langile sindikatuek jarrera hori salatu dute eta gobernuak berak esku hartu behar izan du. Saltoki horiekin aterabideren bat adosteko bilkurak antolatu ditu, baina gobernukideen artean ere kontraesanak daudenez, legeria berregokitzea ez du baztertzen.

Bitartean, gai horrek polemika bizia sortu du iritzi publikoan. Aldekoek egungo egoera ekonomikoari egokitu behar zaiola dioten bitartean, aurkakoek lana eta familia bateragarriak izateko eta atsedenerako eskubidea aipatzen dute.

LAB sindikatuak argi dauka enpresa horien «helburu nagusia etekinak emendatzea» dela eta gehienetan «behar gorrian dauden ikasleak baliatzen» dituztela gogoratu du. Gainera, «kontsumitzaileen eskaera» dela sinetsarazi nahi izatea leporatzen die.

Gobernuak izan duen jarrera ere gogor kritikatu du, «soldatapekoen erosteko ahalmenaren ttipiteari soluzioak eman ordez, igandeko lanaren inguruko hautsi-mautsia» soilik planteatzen duelako gaia baretzeko.

Sindikatu abertzalearen aburuz, «burrunba mediatiko» horrekin, pixkanaka lan kontratuetan igandeko lana normaltzat hartzea bilatzen ari dira.

«normaltzat»

Sindikatu abertzalearen aburuz, «burrunba mediatiko» horrekin, pixkanaka lan kontratuetan igandeko lana normaltzat hartzea bilatzen ari dira. «Hiri handietan aukera horiek onartzen badira, denborarekin igandeko lana toki guztietan arrunta» bilakatu dela uste du LABek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo