GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Maren Belastegi UEMAko lehendakaria

Euskararen normalizazioari helegiteak

Helegite sorta honen erdian, instituzioetako ordezkari garenok egoera honen aurrean arduraz jokatzeak duen garrantzia azpimarratu nahiko genuke

Espainiako Estatuko abokatuak helegitea jarri du Zarauzko Udalak onartutako hizkuntza irizpideen aurka. Nafarroan ere, Olatzagutiko Udalaren hizkuntza irizpideen aurka jarri du helegitea bertako Alderdi Popularrak. Zoritxarrez, ez da antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia. Izan ere, azken hilabeteetan, Anoeta, Lezo, Zestoa, Errezil, Elgoibar eta Zumaiako udalek kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak ezartze- ko hartutako erabakiek ere helegitea jaso dute.

Ikusitakoak ikusita, batzuek euskararen normalizaziorako bidea oztopatzeko erabakia hartua dutela pentsa daiteke, eta ez dirudi helegiteok azkenak izango direnik. Horregatik, euskararen aurkako eraso hauek salatzearekin batera, helegiteak jaso dituzten udaletako ordezkariei gure elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diegu UEMAtik.

Oraingoan, arlo juridikotik dator erasoa. Eta hartutako neurriek gure zerbitzu juridikoen onespena badute ere, legearen arma erabili nahi dute herri honen benetako euskalduntzea ekiditeko. Guk ere baditugu bai zerbitzu juridikoak. Beharko! Ze euskarari bidea ireki nahian, legearen zirrikitu txikienak ere bilatu behar izaten baititugu aurrera egiteko. Legeak ez baitaude euskara normalizatzeko pentsatuta. Eta horregatik, inoiz euskara normalizatzeko benetako apustua egiten bada, legeak ere aldatu beharko dira.

Euskararen normalizazioa bilatzen dugunok korapilo zailak ditugu askatzeko. Baina ezin gaitezke korapilatuta gelditu. Aurre- ra egin behar dugu. Eta horretan, eredugarri zaizkigu aipatu udalek hartutako neurriak. Zarauzko Udala esaterako, herritarrekin euskara hutsean ariko den Euskal Herriko udalik handiena bilakatu da. UEMAn sartu berri, gogoz eta ilusioz ari dira euskararen alde lanean, pauso sendoak emanez. Elkarlana eta adostasunaren bidea urratuz. Horren adibide, erabakiak, hizkuntza irizpideena kasu, alderdi desberdine- tako ordezkarien adostasunarekin onartzeko gaitasuna izatea.

Horretan ari da UEMA ere, eragile eta instituzioekin elkarlanean euskararentzat zubiak eraikitzen. Zuzendaritza Batzordean bertan ere lau alderdi politiko desberdinetako kideak biltzen gara. Bakoitzak beretik, baina udalerri euskaldunen euskalduntzea eta arnasguneen zabaltzetik Euskal Herri euskalduna eraikitzeko ametsak biltzen gaitu.

Egunerokoan berriz, ametsak errealitate bilakatzeko ilusioak indartzen gaitu. UEMAk harrotasunez gordetzen du bere ibilbidean hainbat udal euskalduntzen lagundu izana. Horietako batzuk euskara hutsean funtzionatzeko gai dira gaur egun. Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz, eta euskarari bidea irekiz. Eta horrela, administrazio publikoan eta euskarari dagokionean eredu bilakatu dira.

Oraindik ere, ordea, euskara nagusi den udalerrietan ere hutsuneak ditu euskarak. Azken urteotan, euskararen lurraldean euskaraz dakitenen portzentajeak atzera egin du. Eta horrek kezkatu egiten gaitu. Gurean ere normalegia da hainbat zerbitzu publikotan herritarrak gaztelaniaz hartzea. Osasungintzan, epaitegietan eta bestelako administrazioetan, herritarrek jasaten dituzten hizkuntza eskubideen urraketak urte gehiegitan eta maiztasunez errepikatuta, normalak bilakatu dira. Baina, hizkuntza eskubideak urratzea oinarrizko eskubideen urraketa izango da, lehen, orain eta beti. Gainera, are larriagoa bilakatzen da urraketa administrazio publikotik eragiten denean.

Horregatik, helegite sorta honen erdian, instituzioetako ordezkari garenok egoera honen aurrean arduraz jokatzeak duen garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Bat eginda salatu beharko genituzke hizkuntza politika judizializatzeko asmoak. Eraso hauek indarrak biltzeko parada ere eskaintzen digute ordea, instituzioen arteko begirunea sustatuz eta herri eragileekin bat eginez. Gaiak duen larritasuna kontuan hartuta, goi mailako instituzioek ere, bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak babestu behako lukete udalon ekimena.

Ezin ditzakegu gehiegitan gertatzen diren eskubide urraketak normaltzat hartu, eta normalizatu dezagun euskara administrazioan. Geure ardura delako, euskarari zor diogulako, baina, batez ere, herritarrek zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo