Errepidean abiadura muga 90 km-tik 80ra jaisteko aukera aztertzen ari da Paris
Hori da Bide Segurtasunerako Kontseiluak Gobernu frantsesari proposatu dion neurrietako bat, istripuetan hiltzen direnen kopurua jaisteko. «Ona» batzuentzat eta «astakeria» besteentzat, eztabaida piztu da.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Estatu espainolean autobide eta autobietako zenbait zatitan ibilgailuen abiadura-muga 130 kmra zabaltzea deliberatu den une bertsuan, CNSR erakundeak txosten bat aurkeztu dio Pariseko Gobernuari, beste hainbat neurriren artean, errepide sare nagusian (Estatu eta departamendu mailakoak) abiadura-muga 90 km/h-tik 80ra jaistea proposatzen duena.
Helburua errepideetako istripuetan hildakoen kopurua gutxitzea da. 10 km-ko jaitsiera hori orokorra balitz, hots, sare osoan aplikatuko balitz, urtean 450 lagunen bizitza salbatuko litzatekeela kalkulatu dute. Alta, abiadura zati arriskutsuetan soilik mugatuko balitz, 200 hildako gutxiago izango lirateke. Egun, 3.600 hildako izaten dira urtean bide istripuetan, horietatik gehienak estatu eta departamendu mailako errepideetan.
Proposamenak eztabaida bizia sortu du: Errepideetako Biolentziaren kontrako Ligak txalotu egin du; 40 Milioi Auto Gidari elkartea, berriz, sutan jarri da. «Abiadura balitz istripuen iturburu nagusia, bistakoa da autopistetan gertatuko liratekeela heriotza gehienak. Alabaina, justu kontrakoa da», argudiatu du Pierre Chasseray elkarteko buruak. Bere esanetan, Gobernuak ez luke amore eman behar ibilgailuen aurkako hainbat lobbyren aitzinean, «matematika formula bailitzan» neurri horiek goraipatzen dituztenen aitzinean. Zentzu horretan, sinadura bilketa egiten ari dira Interneten.
Beste neurriak
Helburuarekin erabat ados dauden arren, jendarme eta polizien artean neurriaren eraginkortasunarekin eszeptiko samar agertzen direnak ere badira, egungo 90 km-ko muga errespetarazten nahikoa lan badutela nabarmenduta.
CNSR Bide Segurtasunerako Kontseilu frantsesak beste hainbat neurri ere planteatu ditu; hala nola, gidari gazteak ibilgailua abiatzea eragozten duen alkoholimetroa eramatera behartzea, radarrak ugaritzea, informazio kanpainak egitea eta errepideetan oztopoak kentzea, errepide bazter askotan dauden platano, astigar edo makalak moztea edo gehiago ez landatzea, aholkatzen du txostenak.
Manuel Valls Barne ministroak ekainean jada iragarri zuen heriotzak gutxitzeko abiadura jaistearen aldekoa zela, eta, kopuruak gora egingo balu, ez duela zalantzarik izango halako neurria abian jartzeko.