Estrasburgon saldu ezin dituzten «argudioak»
Estrasburgoko Auzitegiak 197/2006 doktrinaz hartuko duen erabakiaren gaineko filtrazioak badirudi informatzeko betebeharrari baino areago erantzuten diola auzitegi hori presionatzeko asmoari, baita bere iritzi publikoa prestatzeko asmoari ere, ebazpena Estatu espainolaren aurkakoa izatera. Atzo zenbait hedabidek argitaratutakoek Madrilek Estrasburgoko lehen ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztu zueneko «argudio» berberak ematen dituzte, balizko ebazpen horren arriskuaz ohartaraziz. Eta Jorge Fernandez Barne ministroak beste «argudio» bat erantsi zuen: ETAko kide baten giza eskubideak urratutzat jo eta horregatik kalteak ordaintzea baino arreta gehiago merezi duen urratutako giza eskubiderik badela munduan. Zalantzarik gabe, badira munduan urratzen ari diren giza eskubide asko, urrunera gabe Estatu espainolean bertan, Estrasburgon auzitan ez daudenak. Baina bertan dauden kasuak ere giza eskubideen ustezko urraketak dira, eta Estrasburgok esan behar du, eta ez ministroak, giza eskubideen urraketa diren ala ez. Hain zuzen, Ines del Rioren kasuari dagokionez, Auzitegi horren lehen ebazpenak Estatu espainola zigortu zuen euskal preso horren giza eskubideak urratzeagatik. Horregatik aurkeztu zuen Madrilek helegitea, eta horregatik erabiltzen du bere propaganda aparatua Estrasburgon aurkeztu ezin dituen «argudioak» hedatzeko.