Gabriel Arestiren lekuak islatuz, bilbotar «klasikoari» behar duen lekua emateko sentikaria
Musikak, bertsoak, poesiak, antzerkiak eta ikus-entzunezkoek bat egiten dute Gabriel Arestiren omenezko «Gabrielen lekua» sentikarian. Larunbatean izango da aurrestreinaldia, Intxaurrondoko kultur etxean.
A. ARRUTI | DONOSTIA
Zein eragin izan du zuetako bakoitzarengan Arestik? Zer izan da zuen biografian Aresti? Galdera hori luzatu zien ekainean sortu berri den Gabriel Aresti kultur elkarteak lau diziplina ezberdinetako sortzaileri: Andoni Egañari, Rafa Ruedari, Oier Guillani eta Alain Urrutiari. Hari horri tiraka sortu dute «Gabrielen lekua» sentikaria; elkarteko Xabier Monasteriok adierazi bezala, «pasa den mendeko idazle izanagatik, idazle klasiko» honen literaturak edo gai sozialekiko zuen jarrerak egungo euskal sortzaileei eragin dionetik jaio da, eta Intxaurrondoko kultur etxean izango da aurrestreinaldia larunbat honetan, 20.00etan. Hilaren bukaerarako, guztien lana biltzen duen disko-liburua argitaratuko dute.
Diziplina ezberdin ugaritan islatuko da Gabriel Arestiren (1933-1975) eragina -80 urte beteko zituen datorren astelehenean-. Musika, bertsoa, antzerkia, bideoa eta poesia izango dira enbor bereko bost adarrak, «collage handi bat, gomuta horrek lotzen duena», azaldu zuen Guillanek. Aurretik elkarrekin lanik egin gabekoak direla gaineratu zuen eta prozesuan «eskuzabaltasuna eta begirunea» izan dutela elkarrekiko. Bera izango da sentikari honetako deklamatzailea, eta Arestiren poemez gain, idazle bilbotarrak idatzitako gogoetak eta beste zenbait testu ere erabiliko ditu.
Rafa Ruedak, berriz, Arestiren zazpi poema musikatu ditu, baita Egañaren bi bertso sorta ere. «Arestiren irudiari buelta ematen saiatu naiz. Alderdi samurrago bat erakutsiz. Askotan kontrasteekin mezuak biderkatu egiten direlako», esan zuen mungiarrak. Berarekin batera Iban Urizar eta Nahia Membrillera izango dira oholtza gainean. Sorta horiez gain, Egañak beste sorta batzuk ere idatzi ditu libururako, baina ikuskizunean, ohi duen moduan, inprobisatu egingo ditu bertsoak, tokian tokiko publikoari egokituz.
Alain Urrutiak harridura agertu zuen galdera planteatu ziotenean, ustez bere lanean Arestik ez zuelako inolako eraginik. «Baina planteatu nuen ea nigan zein eragin izan zuen eta nire ohiko lanetik harago doan lana sortu nuen». Horretarako, margolanekin ikus-entzunezkoak sortu ditu, agertokian proiektatzen joango direnak. «Gabriel Arestiren iruditeria azaltzen saiatu naiz; irakurtzen dugunean buruan irudi bat sortzen dugu, eta irudi horri forma ematea», azaldu zuen.
Diziplina horiez gain, lagun gehiago batu dira proiektura, eta antzerkiaz Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi arduratu dira, Guillanekin elkarlanean. Arestiren «arimara hurbilketa bat» egiten saiatu direla esan zuen Alberdik. Bi pertsonaia antzeztuko dituzte, ilusioa galdu duen 50 urte inguruko liburuzain bat eta indarrez eta pasioz betetako 29 urteko poeta gazte bat, ustez guztiz ezberdinak baina Arestirekiko miresmenak elkartuko dituena.
Larunbateko aurrestreinaldiaren ondoren, solasaldia egingo dute Intxaurrondora bertaratutakoekin. Urriaren 29an Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko da, eta hortik aurrera data mordoa dituzte aurreikusita, www.gabrielaresti.eu atarian ikus daitezke xehetasunak.
Hilaren bukaerarako, emanaldiko eta bestelako sorkuntza gehigarri batzuekin disko-liburu bat argitaratuko dute.