LOMCE, menu neofrankistaren zizka-mizka
PPren gehiengoari esker, hezkuntza erreformari baiezkoa eman dio Espainiako Kongresuak. UPNren abstentzioa kenduta, oposizioko talde guztiek kontra egin dute eta PPk gehiengoa galdu orduko legea bertan behera utziko dutela hitzeman dute horiek. Eta bitartean, zer? Bistan da legea atzerakoia, espainolista eta doktrinatzailea dela, Francoren garaiko «Formación del Espíritu Nacional» zital haren ezpal berekoa dela. Bistan da ere irakaskuntzatik harago doan errekonkista eta lehengoratzearen aldeko apustu politiko zentralista eta uniformatzaile orokorrago baten eskutik datorrela, herri eta euskal herritar modura erantzun inteligentea merezi duena.
LOMCE Euskal Herriari zerbitzatu nahi zaion menu neofrankista baten zizka-mizka da. Haren atzetik etorriko dira lehen eta bigarren platera, are eta lotsagarriago, forman eta muinean askoz ere gordinagoak. Batari eta besteari erantzun nahian nekatu eta arnasestuka bukatu nahi ez bada, hobe litzateke geureari eustea, euskal hezkuntza sistema propioari erliebe osoa eman eta irismen handiko apustuari oratzea. Eta hezkuntzan bezala, herri gisa indartzen gaituzten beste oinarrietan ere bai. Isil-isilik egoterik ez dago, ez da obeditu behar, jakina, baina desobedientzia ariketa zuzenena, orain eta hemen, Euskal Herriaren bide propioan sakontzea da. Hezkuntzan eta gainerakoetan.