GARA > Idatzia > Mundua

Mexiko Hiri eta Acapulcoko bahiketek Poliziaren esku hartzea agerian utzi dute

Mexikon 105.682 bahiketa gertatu ziren iaz. Horietako askotan, poliziakideek bahiketekin nolabaiteko zerikusia izan zuten. Asteartean 13 atxilotu zituzten Acapulco inguruan bahiketak egiteagatik.

p029_f02.jpg

GARA | MEXIKO HIRIA

Mexikarrak gero eta mesfidatiago dira Poliziarekiko. Joan den asteartean, 18 pertsona, horien artean 13 poliziakide, atxilotu zituen Polizia Federalak Acapulco inguruan bahiketak egitea leporatuta.

Segurtasun Gaietarako eledunak, Eduardo Sanchezek, 22 eta 52 urte arteko polizia xeheak zirela adierazi zuen. Sonora eta Tamaulipas estatuetako kartzela bitara eraman zituzten. Atxilotu guztiei sei hilketatan eta lau bahiketatan esku hartu izana, antolatutako delitugintza eta narkotrafikoa leporatu zieten. Abendutik hona, 128 polizia atxilotu dituzte legez kanpoko jarduerengatik. «Ez dugu ustelkeria onartuko inola ere, are gutxiago langile publikoek horrelako jarrerak izatea», nabarmendu zuen Sanchezek.

Duela aste gutxi, Mexikoko hiriburuan lau polizia atxilotu zituzten Heaven izeneko tabernan 13 gazte bahitu eta hil izanagatik. Azken asteetan, Internet bidez zabaldutako bideo batean, hainbat gizon polizia motorretan doazela hiriburuko kale nagusi batean eta egun argitan atzerritar bat bere autotik indarrez ateratzen ikus daiteke. Ibilgailuan aurkitutako agirien arabera, bahitutako pertsona kolonbiarra da.

«Gertaera hori bereziki larria da guztien begi bistan egin delako. Lan orduetan, uniformeak jantzita eta kale erdian egin zuten bahiketa. Bost axola zitzaien inguruan segurtasun kamerak egotea. Horrek zera esan nahi du badakitela egindakoa zigorrik gabe geldituko dela», plazaratu zuen Ernesto Lopez Portillok, Segurtasunerako eta Demokraziarako Institutuko zuzendariak.

Asteartean, Mexikoko Gobernuak berak aitortu zuen Polizia Federalaren baitan «ustelkeria handia» dagoela. «Horren kontra egitea da garrantzitsuena. Ustelkeria ez dugula onartuko argi utzi behar dugu», esan zuen Manuel Mondragon Segurtasun Nazionalerako mandatariak.

Garapen Ekonomiko eta Ikerketa Zentroko segurtasun arloko aditu Gustavo Fondevilak nabarmendu zuenez, Mexikoko hiriburuan Poliziak berak kudeatzen ditu bahiketak. «Norbait bahitu ahal izateko Poliziaren baimena behar duzu; erreskatearen zati bat ematen diezu edo zuzenean beraiek arduratzen dira bahiketa egiteaz», azaldu zuen. Iaz, 105.682 bahiketa gertatu ziren Mexikon, Estatistika Nazio Institutuaren ikerketa baten arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo