GARA > Idatzia > Kultura

The Icer Company talde nafarrak «Ur abisalen espedizioa» dakar, sentimenduzko kantez osatua

Une latz bat bizitzen ari zela idatzi zituen Iker Ziak disko berri honek biltzen dituen abestiak. Ruben Matillak, Arkaitz Ezkaiek eta Xabier Valverdek musika gehitu diete hitzei estreinako lan hau sortzeko.
p054_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

The Icer Company Iruñerriko laukoteak estreinako diskoa kaleratu du. Alderantziz grabatutako lana da «Ur abisalen espedizioa» (Gor); izan ere, Iker Zia abeslariak bere etxeko bakardadean sortu eta grabatutako kanta akustikoei gainerako musika tresnak gehitu zizkioten apurka gainontzeko taldekideek. «Grabatzen azkena, ezohikoa dena, perkusioa izan zen», aipatu zuen atzoko aurkezpenean Ziak.

Bera Arima Sutan taldean ibilitakoa da, Arkaitz Ezkairekin batera. Taldea desegin eta bakoitzak bere bidetik jo zuen. «Bizitzako momentu latz batean kantak konposatzen nituen etxean, horiekin ezer egiteko asmorik gabe, eta halako batean konturatu nintzen 12 abesti nituela», azaldu zuen abeslariak. Horiek bere lagun Ezkairi erakustea erabaki zuen. «Taldea sortzea Arkaitzi bururatutako ideia da, berak ezagutzen baitzituen beste taldekideak», azaldu zuen Ziak.

Honela, Ruben Matilla eta Xabier Valverde, Kerobiako eta Soñadores Natos taldeetako kide ohiak, hurrenez hurren, taldearekin bat egin zuten. Bakoitzak bere musika ekarpena egin zuen nork bere etxean grabatuz, eta lortutako emaitza aparta da, taldeko buruaren ustez: «Estudio profesionaletan lortu ohi dena baino kalitate hobea dauka disko honek».

Musika gehitzearekin batera kantek moldaketak izan zituzten. Hasiera batean akustikoak ziren denak, baina musika gehitzean folk, rock edo pop estilora gerturatzen diren doinuak lortu dituzte. Moldatzeko gaitasun hori da gazte hauen abantailetako bat. «Ahalik eta gehien jo nahi dugu, oso zaila delako kontzertuak lortzea ezezagunak garen taldeentzat. Estilo arrunta badugu ere, oraindik ez dakigu zein lekutan enkajatu dezakegun hobetoen. Hala ere, moldatu egiten gara: normalean talde osoak jotzen badugu ere, gitarra eta ahotsarekin soilik ere eskain ditzakegu emanaldiak», azpimarratu zuen Matillak. Prestutasun horri esker, jada hiru emanaldi hitzartuta dituzte (azaroaren 30ean Iruñeko Zokoan, abenduaren 5ean Durangoko Azokako Ahotsenean eta abenduaren 13an Burlatako Black Rosen).

Ozeanoaren sakontasunetik

Taldearen zein diskoaren izenak atentzioa ematen dute. Abeslariak ederki azaldu zituen kontzeptuak, berari egiten baitiote erreferentzia. «Nire kantak daude diskoaren oinarrian, baina ez nuen nire izena agerikoa izatea nahi, eta gainera taldekideek ere lan handia egin dute. Horregatik «Icer» Ikerretik dator, eta «Company» Ziatik -gaztelaniazko «cia»-rekin duen antzekotasunagatik-».

Diskoak, berriz, «Ur abisalen espedizioa» du izena hizkiak idaztearen unean Zia pertsonalki une zailean zegoelako. «Ur abisalak ozeanoko zonalde ilun eta hotzena da, eta nik zonalde horretara bidaia egiten ari nintzela sentitzen nuen -aipatu zuen-. Hala ere, itsaso sakonean ere badaude arrainak argi izpien bila», esan zuen adierazteko diskoa tristea bada ere, badaudela kanta alaiagoak ere, «Egonezinaren azken eguna», adibidez.

LAGUNTZAREKIN

Taldeak inongo diskoetxeren babesik gabe kaleratu zuen diskoa lehenengoz. Orain Gor-ek eskaini die laguntza. Theicercompany.com webgunean entzun daiteke diskoa, doan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo