Liburutegi Nagusiak Txillardegiren izena har dezala eskatu dute
GARA | GETXO
Donostiako hamazazpi idazlek eskaera bat aurkeztu zuten atzo Donostiako Udalean hiriko Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izenda dadin eskatuz Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi (1929-2012) euskal idazle, hizkuntzalari eta politikariaren omenez. «Honela, gure hizkuntzari eta gure hiriari hainbeste eman dion idazlearen memoriak merezi duen lekua hartuko luke, Koldo Mitxelenak, Carlos Santamariak eta Inazio Maria Barriolak hartu duten bezala», dio aipatutako eskakizunak.
Idatziak gogorarazten duenez, «Urrezko Domina eman zionez, esan gabe doa Donostiako Udalak ezagutzen dituela Txillardegiren merituak bere izena hiriaren barruan txerta dadin kulturaren eta bereziki irakurketaren eragin-gune gisa».
Eskaera sinatzen dutenen artean Ramon Agirre, Jokin Ansorena, Joxe Austin Arrieta, Harkaitz Cano, Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre, Fito Rodriguez eta Arantxa Urretabizkaia daude.
«Donostiak garrantzi handia du Txillardegiren nobelagintzan, bai bizipen pertsonaletan eta gertaldi alegorikoetan oinarritutako hartan (`Haizeaz bestaldetik', 1979), bai nobela historikoan (`Putzu', 1999). Bestalde, ikerketa sakon bana egin zien aurretik ezer gutxi landu izan ziren bi leku bereziri: `Antigua 1900' (Kutxa, 1991) eta `Santa Klara, gure uharte ezezaguna' (Kutxa, 2004). Azken bi lanok egiteko, `Putzu' nobelarako dokumentazioan bezala, Txillardegik ordu luzeak eman zituen plano eta agiri zaharrak ikuskatzen orain bere izena eduki dezala eskatu dugun liburutegian». Hitz horiekin argudiatu dute eskaera.