POESIA
Oskorriren «Gabriel Aresti bizsitan» obrak irekiko du Bilbaopoesia jaialdia
Astelehenean abiatuko da Bilbaopoesia jaialdiaren 24. edizioa eta, aurten, Gabriel Aresti poeta bilbotarra izango da jardunaldiko protagonista nagusia. Astelehenean poeta jaio zela 80 urte betetzen dira eta, urteurrena ospatzeko, Oskorrik «Gabriel Aresti biszitan» ikuskizun berezia eszenaratuko du.
Euskal Herriko hainbat udalerritatik igaro ondoren iritsiko da Oskorriren euskarazko proposamen berria Bilbora. Natxo de Felipe bera poetaren adiskidea izan zen eta elkarrekin igaro zituzten jardunaldi ugarietan poetaren hitza eta musikariaren doinuak hainbatetan uztartu zituzten. Bilbopoesiaren antolatzaileek adierazi dutenez, «besarkada haien ondorioz abesti ederrak sortu ziren» eta Oskorriko kideentzat «oso gauza berezia da» ekitaldian parte hartzea, «are gehiago Gabriel Arestiren egunarekin bat etorriz».
Oskorri taldearen kontzertu berezi hau, esan bezala, astelehenean izango da, Bidebarrieta Kulturguneko Liburutegian, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Sarrerak 10 euroko prezioa du eta dagoeneko salgai daude Bidebarrietako Liburutegian bertan. Bilbaopoesia jaialdiak, bestalde, hilaren 23ra arte iraungo du eta poesia urbanoa aztertuko du.