GARA > Idatzia > Ekonomia

Lurrama azokak «amalurra zain dezagun» aldarrikatuko du aurten

Urriaren 18, 19 eta 20an izango da Biarrizko Irati gelan. Aurtengo lelo nagusiarekin, antolatzaileek bai laborariak eta baita herritarrak ere laborantzarako lurrak urtero desagertzen doazela sentsibilizatu nahi dituzte. Aurtengo Lurramaren babeslea Via Campesina izanen da.

p025_f02.jpg

GARA | BAIONA

Laborantzarako lurrak zaintzeak duen garrantzia agerian jarri nahi da, datorren urriaren 18, 19 eta 20an, Biarrizko Irati gelan iraganen den Lurramaren VIII.edizioan. 2000 eta 2010 urteen artean, laborantzarako lur erabilien eremua %9 behera egin zuela gogoratu zuten Lurramako arduradunek, egoera larria zela agerian jarriz. «Horrek esan nahi du, laborantzarako 13.000 hektare gutxiago daudela gaur egun», zehaztu zuten.

«Amalurra zain dezagun" lelo nagusia aukeratu dute, beraz, egoera horretaz bai laborariak, bai herritarrak ere sentsibilizatzeko. Azokak iraunen duen hiru egunetan, salaketa egiteaz gain, lurrak zaintzeko aterabideak proposatuko dituzte. Eta, horretarako, bereziki ostiralean eta larunbatean, hainbat mahain inguru eta eztabaida izango dira. Urriaren 18an, esate baterako, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek sortutako lur-bankua aurkeztuko da azokan.

Horretaz gain, Lurzaindiko, Lurraren egitura publikoko (EPFL) eta SAFEReko (laborantzarako lurren salerosmena kudeatzen duen egitura) ordezkariekin «lurraz arduratzen diren instituzioen lana hobetzeko zer aterabide» dagoen gogoetatuko da.

Mundu mailan egoera zertan dagoen jakiteko Via Campesina eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarako ordezkariak bilduko dituen mahai ingurua izango da, berriz, ostirala arratsean. Horrenbestez, Via Campesina, aurtengo Lurramarren babeslea izango zela jakinarazi zuten antolatzaileek, eta, horren karietara, Josie Riffaud eta Unai Arranguren egiturako ordezkariak Lurraman parte hartuko dute.

Ume eta helduentzat

Hiru egunetan hainbat animazio izango dira Biarrizko Irati gelan umeen eta helduen nahiak asetzeko. Haurrei dagokionez, 300m2ko eremua erreserbatuak zaizkie animazio ludikoekin eta pedagokioekin. Orotara, zortzi tailerra pedagogikoak proposatuak izanen dira keinu ekologikoaz, ongi jateaz, ur erreserbetaz, eta ondakinen bereizketaz sentsibilizatzeko. Horiekin batera, zurezko jokoak, baserriko puzzleak edo marrazki tailerrak eginen dira ere. Helduek ongi jateko eta informatzeko aukera izango dute.

Orotara, 3.000 bazkari proposatuak izango dira. 650 pertsona biltzen ahalko dituzte larunbata arratseko zikiroan, eta igande eguerditan, berriz, 800 lagunentzako apairua aurreikusia dute sukaldarien bazkarian.

80 abere

Urteroko moduan animalien erakustaldiak izango dira Lurrama azokan. Orotara, 80 abere izango dire. Oiloekin hasiz, Akitaniako Blonda espezieko behiak ere ikusiko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo