GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mezu koloretsu, anitz eta jendetsua Bilbon, «hemen Lomcerik ez» esateko

Koloretsu hasi zen, adin guztietako jendearekin eta aldarri ugarirekin, eta koloretsu bezain alaitsu bukatu zen Arriagaren parean Porrotx pailazoaren agerraldiarekin. Lomceren aurkako atzoko manifestazioa ere jendetsua izan zen, eta garai berri baten ataria zehaztu zuen, ia hezkuntza komunitate osoak «Wert legea» ez aplikatzeko eskaera egin dielako Nafarroako eta Lakuako gobernuei eta sistema propioa garatzeko konpromisoa azaldu zutelako Bilbon bildutakoek.

p017_f05_097x100.jpg

Nerea GOTI | BILBO

Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienek, ikasle, irakasle, sindikatuek eta elkarte eta erakunde zerrenda luze batek deitua zen atzoko Bilboko manifestazioa. Lomceren aurka agertzeko deialdiari erantzunez milaka lagun bildu ziren -12.000, Ertzaintzaren esanetan- martxa koloretsu, anitz eta jendetsua osatuz; izan ere, familia askok egin zuen Jesusen Bihotzetik Arriagarainoko ibilbidea, ume txiki-txikiekin, gurasoak, aitita-amamak eta unibertsitateko ikasleekin batera, ohikoa ez denez, Bigarren Hezkuntzako ikasle asko.

«Euskal Herria gure hezkuntza eraiki. Lomceri ez», zioen manifestazio buruko pankartak. «Wert Legea» deritzon horren kontrako mobilizazioa izateaz gain, deitzaileek hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarria nabarmendu zuten. Deitu zutenen izenean, Jose Mari Auzmendi «Hik Hasi» hezkuntza-aldizkariko koordinatzaileak hartu zuen hitza, eta atzoko mobilizazioaren helburuak eta abiarazi dituen konpromisoak zeintzuk diren azaldu zuen.

«Hiru ideiaren inguruan elkartu gara: Lomcerekiko aurkakotasuna; bigarrenez, legeak ondorio kaltegarriak ekarriko dituenez gure ikastetxeetara eta eguneroko lanera, eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari legea aplika ez dezatela; eta hirugarrenez, baloratzen dugu azken hamarkadetan egin dugun lana eta konpromisoa hartu dugu datozen urteetan lanean jarraitzeko, Euskal Herriak behar duen gure hezkuntza propioaren alde», adierazi zuen martxa hastear zegoenean.

Pankartaren atzealdean, besteak beste, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea, Ehige-ko (Eskola Publikoko gurasoen elkarteen konfederazioa) arduradun Lurdes Imaz eta sindikatuetako ordezkariak eta buruak. Izan ere, Adolfo Muñoz Txiki, Ainhoa Etxaide eta Unai Sordo, hurrenez hurren, ELA, LAB eta CCOO-Euskadi sindikatuetako idazkari nagusiek hartu zuten parte manifestazioan, STEE-EILAS sindikatuko Arantza Fernandez de Garaialde ordezkariarekin batera.

Politika arlotik, Euskal Herria Bilduko ordezkaritza zabala izan zen atzo Bilbon, baita Sortu-ko eta Ezker Batua alderdietako kideak ere.

Udalbiltzako zuzendari Xanti Kiroga eta lehendakari Mertxe Aizpurua ere han ziren. «Udalbiltzan uste dugu hezkuntza herria egiten duen zutabe garrantzitsuetariko bat dela, beste hainbaten artean. Hezkuntzari garrantzia eman behar zaio, horretan oinarritzen da euskal izaera eta Euskal Herriaren etorkizuna, eta horregatik kezka handia sortzen duen gauza bat da Lomceren eragina. Eredu propioa garatzeko eta horren alde egiteko, ahalegin horietan Udalbiltzak indar guztiak ipiniko ditu», azaldu zuen Aizpuruak martxa abiatu eta gutxira.

Oso gertu, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hizkuntza eskubideak nabarmendu zituen eta Lomce «Estatuaren beste esku-hartze» bat dela adierazi. «Beste behin ere erakutsi nahi digu bere boterea, beste behin ere erabaki nahi du guk nola ikasi behar dugun, nola deitu behar diogun gure herriari eta onartezina da».

Wert ministroaren izena daraman legeak hizkuntzan izango duen eragina presente egon zen pankarta eta kartel ugaritan. Euskal Herrian Euskaraz erakundeak pankarta handi bat eraman zuen, «Guk eskola euskalduna!» leloarekin.

Arkatzak eta urriaren 12a

Karteletan, jantzitako plastikozko pontxoetan edota arkatz erraldoiak puntak altxata, atzoko manifestazioa iragartzen zuen muntatze-piezen jolaseko irudia, eraikitzen ari den hezkuntza sistema irudikatzeko. Sortzen erakundeak, euskal hezkuntzak izan beharko lituzkeen ezaugarrien defentsa egin zuen mobilizazioan, sistema inklusiboa edota parte hartzailearen alde azalduz.

Eta oihuen artean, hartzaile zehatzei zuzendutakoak. Lakuako eta Nafarroako hezkuntza arduradunei zuzenduta, «Uriarte, Iribas, Lomceri ez» egin zuten oihu manifestariek. Jose Iribas eta Yolanda Barcinaren irudiak ere ikusi ziren ibilbidean zehar, murrizketen aurkako eta eskola publikoaren aldeko mezu ugarirekin batera.

Atzo, urriaren 12a izanik, Komite Internazionalistek «Urriak 12 herriak eta hezkuntza deskolonizatu» zioen pankarta eraman zuen. «Ezkerraldeko ikasleok Lomceri sua» eta «Lomce-ri ez troika suntsitu etorkizuna irabazi» izan ziren leloetako batzuk.

Manifestazioaren burua Arriaga antzokiaren parera heldu zenean, atzealdea Maximo Agirren zegoen, Ertzaintzak emandako datuen arabera.

Mugara heldutakoan, sorpresa berezia izan zuten haurrek. Imanol Uriaren bertsoen ostean, Porrotx pailazoa agertu zen, amona Josefinak aginduta «oso egun inportantea delako». «Elkarrekin, eskutik helduta egin behar dugu bidea, hezi eta hazi euskaraz, alai, pozik zoriontsu, amestuz, biziz», esan zuen sudur gorrikoak amonaren mezua gogoratuz, eragile ezberdinek sistema propioaren alde hasitako bidearen aurrean.

«Esan dit ez dugula inposiziorik behar, kanpotik inork ez digula esan behar nola amestu, nola bizi, badakigula aspalditik, mendeetan bizi izan garela hemen euskaraz», bota zuen pailazoak txiki eta handien gozamenerako. «Denek elkarrekin, elkarren ondoan gure bidea egin behar dugu, euskaraz, alaitasunez», azaldu zuen, eta ekitaldiari amaiera emateko dantzan ipini zuen manifestazio burua, eta azkenean esan ere esan behar izan zuen «hau bukatu da» jendez gainezka zegoen Nafarroa kalearen aurrean.

gobernuei eskaera

Manifestazioa deitu zuen ordezkaritza zabalak eskaera zuzena egin zion bai Lakuako bai Nafarroako gobernuari Lomce ezar ez dezaten, eta hezkuntza sistema propio baten alde lan egiteko konpromiso sendoa adierazi zuen.

Indarrak

Mertxe Aizpuruak Udalbiltzak hezkuntza eredu propioa garatzeko ahal duen guztia egingo duela esan zuen, «hezkuntza herria egiten duen zutabe garrantzitsuetako bat» delako.

bigarren mailan

«Estatuak behin eta berriro gogorarazten digu gaztelania dela ikasi beharrekoa, Lomcek euskara gutxiesten du eta bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du», salatu zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

alaitasunez

«Aspalditik gatoz eta aurrera goaz», esan zuen pailazoak Bilbon, eta bide berrian «elkarrekin eta elkarren ondoan», «euskaraz eta alaitasunez», aurrera jarraitzera dei egin zuen.

besoak luzatuta

Amaiurreko ordezkari Xabier Mikel Errekondok Kongresuan egin bezala, ikasle batzuk besoak luzatuta eta liburuak eskuetan zihoazen, legea «zigorra» dela adierazten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo